Euskalmetek eguraldi ezegonkorra eta udaberriko tenperaturak iragarri ditu hauteskunde-egunerako

Argitalpen-data: 


      IMG-20230525-WA0000.jpg
  • Itsasertzean laino gutxi izango da, baina barnealdean tarte hodeitsuak izango dira nagusi, eta arratsaldean zaparrada trumoitsuak bota ditzake

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak udaberriko tenperaturak, 20-24 ºC ingurukoak, iragarri ditu maiatzaren 28rako, hauteskunde-egunerako, nahiz eta arratsaldean giro ezegonkorra nagusitu litekeen eta ekaitz-zaparradak bota ditzakeen.

Euskalmeten arabera, igande goizaldean behe-lainoa sor liteke, batez ere barnealdeko haran itxietan, baina, orokorrean, hodei gutxi izango da kostaldean eta tarteka hodeitsu egongo da barnealdean. Hala ere, arratsaldean bero-hodeiak sortzen joango dira, eta zaparrada trumoitsuren bat bota dezake, bereziki mendialdeetan eta Euskadiko lurraldearen hegoaldean.

Alde horretatik, eta egunaren lehenengo erdian, haizea ahula eta norabide aldakorrekoa izango da, baina gero, eguneko ordu zentraletan ipar-osagaitik finkatuko da.

Orokorrean, gauez tenperatura leunekin eta egunez tenperatura nahiko altuekin jarraituko dugu, bereziki barnealdean. Horrela, itsasertzean tenperatura minimoak 15-16 ºC inguruan ibiliko dira eta barnealdean, zertxobait baxuagoak izango diren arren, leunak izango dira, 10 ºC-tik gorakoak.

Bestalde, tenperatura maximoak nahiko altuak izango dira barnealdean, 24 ºC-tik gorakoak, eta itsasertzean, berriz, ipar-haizeak zertxobait leunduko ditu eta 22-24 ºC inguruan geratuko dira.

Laburbilduta, datorren igandean udaberriko tenperaturak izango ditugu, baina arratsalde partean zaparrada trumoitsuren bat bota dezake barnealdean.  

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

Informazio gehigarria