Euskadiren eta Cambridgeko Unibertsitatearen arteko harremanek aukera berriak ireki dizkiete ikertzaileei

Argitalpen-data: 


      Bildarratz_Clare_Hall_College4.jpg
  • Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera bat egin du Cambridgeko Unibertsitatearen baitan dagoen Clare Hall Collegeko Bilera hori, erakunde ospetsuak gaur bertan Donostian egingo duen hitzorduaren aurretik egin dute
  • Bi erakundeek hitzarmen bat sinatu dute, ikertzaileek Cambridgen egonaldiak egiteko Visiting Fellow programa berresteko

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Cambridgeko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena duela hamarkada bat baino gehiago sinatu zen eta azken urtean indartu egin dira harremanak. Lankidetza testuinguru horretan, aipatutako unibertsitate britainiarreko Clare Hall Collegeko Estatuko ordezkaritzak urteroko bilera Euskadin egitea erabaki du. Hitzordua gaur izan da Donostia International Physics Centerren (DIPCen), eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera izan du Clare Hall Collegeko arduradun nagusiekin, unibertsitate britainiarrak deitutako bilera baino lehen. Bildarratz sailburua Alan Short lehendakari eta irakaslearekin, Helen Pennant presidenteorde eta irakaslearekin eta Emilio Artacho Cambridge eta Ikerbasqueko irakaslearekin elkartu da.

Duela hamarkada bat baino lehenagotik, Euskadik eta Cambridgeko Unibertsitateak lankidetza eta ikerketa proiektuak bultzatzeko elkarlanean dihardute. 2022. urteko uztailean Bildarratz sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearekin eta Pedro Miguel Etxenike zientzialariarekin batera Cambridgera egin zuen bisita ofizialaren ondotik, Clare Hall Collegek eta Euskadik bikaintasuneko ikerketaren arloan lankidetzan aritzeko konpromisoa sendotu dute. Horrela, Clare Hall Collegek Euskadi aukeratu du berriro bere urteroko bilera egiteko. Bilera hori baliatuko dute Clare Hall Collegen egon diren eta aurrerantzean life members izango diren Estatuko ikertzaileak batzeko.

Unibertsitate britainiarreko arduradunekin hasitako lan-ildoei esker, Clare Hall College ikasketa-zentroan euskal ikertzaileentzako egonaldiak finantzatzeko laguntzak handitu egin dira. Horrela, Hezkuntza Sailak ikertzaile bisitarientzako hiru egonaldi finantzatzen ditu, bai aldez aurretik programan parte hartu ez duten pertsonei zuzendutakoak (Visiting Fellow, bederatzi hilabeteko gehieneko egonaldi bat), bai aldez aurretik egonaldia egin ondoren harremanak sendotzen jarraitu nahi duten pertsonei zuzendutakoak (Post Visiting Fellow, gehienez bi hilabeteko bi egonaldi). 2023-2024 ikasturtean, 88.600 euroko zenbateko ekonomikoa du deialdiak ikerketa-egonaldi horiek finantzatzeko.

Gaurko bileran, Jokin Bildarratz sailburuak eta Alan Shortek Hezkuntza Sailaren eta Clare Hall Collegeren arteko lankidetza berretsi dute, aipatutako Visiting Fellow ikertzaile bisitarien programarako akordio berri bat sinatuz, 2024-2025erako.

Hezkuntza sailburuak positibotzat jo du Euskadiren eta Cambridgeko Unibertsitate ospetsuaren arteko harremanari eman zaion bultzada, era honetan unibertsitateei, bikaintasun-zentroei eta euskal ikertzaileei abangoardiako ezagutzarako ate berriak irekitzen laguntzen baitzaie.

Ikertzaile bisitariek Clare Hall Collegen aztergai izan ditzaketen diziplinen artean honako hauek daude: Fisika, Biologia Zelularra eta Molekularra, Humanitateak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak. Gaur egun, Euskadik eta Cambridgek 10 ikerketa-proiektu baino gehiagotan lan egiten dute elkarrekin.

Cambridgeko Unibertsitatea

Cambridgeko Unibertsitatea Ingalaterrako unibertsitate publikoa da, 1209an sortua eta munduko ospetsuenetakoa gaur egun. Unibertsitatea hainbat erakundek osatzen dute, 31 college eta ehun departamentu akademiko baino gehiago barne. Cambridgek zientzialari talde zabala du, baita mundu osoan erreferentzia diren ikerketa zentroak ere. Horien artean Cavendish Laborategia aipatu daiteke, elektroia, neutroia edo DNAren egitura aurkitu ziren laborategia. Han arituak dira ikertzaile euskaldunak ere, tartean Pedro Miguel Etxenike bera.

Clare Hall College

1966an sortua, Clare Hall College ikasketa aurreratuen zentroa da Cambridgeko Unibertsitatean. Ikertzaile bisitarien programa garrantzitsu bat du, bederatzi hilabeterainoko egonaldiak eginez unibertsitate honetan bizi eta lan egiten duten mundu guztiko akademikoekin. Cambridgeko Unibertsitateko bost graduatu-kolegioetako bat da. Zentro honetan Euskadirentzat estrategikoak diren ikerketa-ildoetan espezialista den ikertzaile bisitari bat egoteak gure herrialdeari buruzko ezagutza nazioartean garatzen laguntzen du, eta bi herrialdeak garatzen ari diren lankidetza zientifikoa indartzen du.

Informazio gehigarria