Iaz prestakuntza amaitu zuen pertsonal fakultatiboaren % 86,45 eta erizaintzakoaren % 83,33 kontratatu zituen Osakidetzak
Aurten ere, Osakidetzak berriro eskaini du Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan baimendutako gehienekoa; alegia, hiru plazatik bat, guztira 528 plaza izanik
Azken hamarkadan, Euskadiko gazte egoiliarren prestakuntza-plazen eskaintza % 65 hazi da
Osakidetzak 2023-2024ko deialdian Osasun Prestakuntza Espezializatuko 528 plaza eskainiko ditu, guztira, eta, hala, iazko zifra gaindituko da; iaz, lehen aldiz gainditu zen bostehun plazaren muga. Hala, azken hamarkadan, Euskadiko gazte egoiliarren prestakuntza-plazen eskaintza % 65 hazi da.
2022/2023ko deialdian, egoiliarren % 7,88 atzerritarrak ziren, eta % 39,80, beste autonomia-erkidego batzuetakoak; haietako asko azkenean Euskadiko osasun-sisteman sartzen dira, Osakidetzak 2022an prestakuntza amaitu zuen pertsonal fakultatiboaren % 86,45 eta erizaintzako pertsonalaren % 83,33 kontratatu izanak erakusten duenez.
Nabarmendu behar da, aurten ere, Euskadik Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan baimendutako gehienekoa eskaini duela; hura da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasun estrategikoetako bat. Zehazki, Familia eta Komunitateko Medikuntzako 115 plaza dira –alegia, % 47ko hazkuntza izan da azken hamarkadan–, Familia eta Komunitateko Erizaintzako 37 –hala, laukoiztu egin da duela hamar urteko zuzkidura– eta Pediatriako 29 –alegia, orduan baino % 20 gehiago–.
Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak plazen etengabeko hazkuntza hori esan du ezinbestekoa dela erretiroa hartzeko bidean dauden profesionalak ordezkatuko dituzten gazteen prestakuntza bermatu ahal izateko; alderdi hori funtsezkoa da, osasun-sistema gero eta zaharragoa den eta gero eta gaixotasun kroniko eta mendekotasun gehiago dituen gizarte baten erronketara egokitzen jarraitzeko.
Osasun Sailak eskatutako plaza kopuruaren –laster argitaratuko da BOEn– igoerak kategorien araberako honako plaza-banaketa hau aurreikusten du 2023-2024 ikasturterako:
- Fakultatiboen 407 plaza (espezialitate medikoen eta diziplina anitzeko espezialitateen plazak barne). Besteak beste, nabarmendu behar da bigarren urtez eskaini direla jarraian haur eta nerabeen psikiatriako 2 plaza, baimendutako gehienekoa, Euskadik hurrengo deialdietan eskaintza areagotzen jarraitzea aurreikusten duen espezialitate hori onetsi ondoren.
- Ospitaleko farmaziako 8 plaza BAFE.
- Psikologia klinikoko 10 plaza BAPE.
- Erizaintzako 103 plaza BAEE.
Lurraldeen arabera, prestakuntza espezializatuko 528 plazak honela banatzen dira: 290 plaza Bizkaian, 129 Gipuzkoan eta 109 Araban.
Prestakuntza hori Euskadin irakaskuntzarako egiaztatuta dauden 15 zentro/unitateetan ematen da: 7 ospitale-zentro, 1 irakaskuntza-unitate, lanbide anitzeko 5 irakaskuntza-unitate eta erizain espezialistentzako 2 irakaskuntza-unitate.