Euskadiko gazteen langabezia-tasa ehuneko 0,5 puntu igo da 2023ko bigarren hiruhilekotik hirugarrenera, baina, 2022ko hirugarren hiruhilekoarekin konparatuta, 1,3 puntu jaitsi da.
Datu horiek Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira, 2023ko hirugarren hiruhilekoari dagozkionak, hain zuzen ere. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.
Langabezia-tasak zera adierazten du: enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

2012tik, langabezia-tasak hirugarren hiruhilekoetan izan duen bilakaerak erakusten du egungo tasa azken hamarkadako onena dela, bai eta pandemiaren aurreko urteetan izandakoak baino hobea dela ere.
2020tik hona, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasaren eta 16 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren tasaren arteko aldea murriztu den arren, 2023ko hirugarren hiruhilekoan 5,3 puntutakoa da oraindik ere.

2023ko hirugarren hiruhilekoan, emakume gazteen langabezia-tasa (% 12,2) gizon gazteena (% 13,3) baino txikiagoa da.
Emakume eta gizon gazteen langabezia-tasak, 2019tik 2023ra, urteko hirugarren hiruhilekoetan izandako bilakaeraren azterketak erakusten du emakume gazteen langabezia-tasak gizonena baino jaitsiera handiagoa izan duela 2022ko hirugarren hiruhilekotik oraingora.

Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren 8. helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.
