Euskadik Nazio Batuen GJHen hurrengo goi-bileran parte hartuko du

Argitalpen-data: 


      Agenda_2030.jpg
  • Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren ordezkaritza bat New Yorkera joango da asteburu honetan
  • Lehendakariak bideo baten bidez hartuko du parte 2030erako Toki Koalizioaren ekitaldi baten irekieran

Jonan Fernández Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendarako idazkari nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru dituen Euskadiko ordezkaritza bat joango da New Yorkera asteburu honetan Nazio Batuen GJHen goi-bileran antolatutako ekitaldietan parte hartzera. 

Estatuburuen eta gobernuburuen goi-bilera irailaren 18an eta 19an egingo da, eta 2030 Agendaren aldeko bultzada berreskuratzeko ekintzarako dei gisa planteatzen da. Topaketak garrantzi berezia du, NBEk 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko 17 Helburuak lortzeko ezarritako epearen erdian egiten baita. 

Goi-bileraren aurretik, GJHen Ekintza Asteburua egingo da, eta Euskadiko ordezkaritzaren parte-hartzea izango duten hainbat ekitaldi antolatu dira bertan. 

Igandean, hilak 17, Iñigo Urkullu lehendakariak, bideo baten bidez, 2030erako Tokiko Koalizioak antolatutako "Funtsezko trantsizioak sustatuz eta 2030erako GJHak lortuz" ekitaldiaren irekieran parte hartuko du. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ere hartuko du hitza ondorengo eztabaida-mahaian. 

Egun horretan bertan, eta CGLUk eta Global Taskforcek antolatutako «2030 Agenda lokalizatzen: tokiko eta eskualdeko gobernuekiko koalizio eraldatzaileak» ekitaldiaren barruan, Jonan Fernandezek tokiko eta eskualdeko gobernu desberdinetako ordezkariekin batera parte hartuko du eztabaida-mahaian. 

CGLU Hirien eta Tokiko Gobernuen Mundu Erakundea munduko tokiko eta eskualdeko gobernuen erakunderik handiena da, eta tokiko eta eskualdeko gobernuen ahotsak ordezkatzea, defendatzea eta zabaltzea du helburu. Globaltaskforce koordinazio- eta kontsulta-mekanismo bat da, tokiko gobernuen nazioarteko sare nagusiak biltzen dituena, politika globalen prozesuekin lotutako sustapen-lan bateratuak egiteko, batez ere GJHak. 

Euskadik Ekintzarako Astean parte hartzeak garrantzi berezia du, Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren bulego iraunkor eta globala hartzen baitu Bilbok, 2030 Agenda ezartzeko eta toki- eta eskualde-erakundeetarako 17 GJHak betetzeko funtsezko eragilea baita. 

Bestalde, euskal ordezkaritza Regions4 erakundeko arduradunekin bilduko da. Erakunde hori 48 eskualdek osatzen dute, eta gaur egun Eusko Jaurlaritza da buru. Regions4 2002an sortu zen, eta erreferentea da jasangarritasunerako ekintza globalaren azelerazioan. Eskualdeetako gobernuak ordezkatzen ditu NBEren eta EBren agenden aurrean

Informazio gehigarria