Euskadik Europako kohesio-politika berraztertzeko beharra planteatu du Suedian, eskualdeek estrategietan eta helburuetan parte har dezaten

Argitalpen-data: 

Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak Europako Kohesio Politika berraztertzeko beharra planteatu du ostegun honetan Euskadi kide den Eskualde Periferikoen eta Itsasokoen Konferentzian (EPIKen). Izan ere, azaldu duenez, “maila nazionalean ezarritako zenbait egitura-politika ez dira egokiak eskualde-testuinguru espezifikoetarako”. Horregatik, emaitzekin erabat konprometitzeko, “eskualdeek parte hartu beharra dute estrategia prestatzen eta helburuak ezartzen. Helburuak eta xedeak gobernu-maila egokiari begira negoziatu behar dira”, nabarmendu du Barredok Linkoping-en (Suedian) egindako foro honetan.

Planteamendu horrek kontuan hartzen du Kohesio Politika dela Europar Batasunaren tresna nagusia eskualdeen arteko konbergentzia ekonomikoa sustatzeko.

Esparru horretan, EPIKen bildutako 160 eskualdeen ordezkaritza nabariarekin, Barredok galdera bati erantzuten eman du bere esku-hartzea: 27aren ondorengo kohesio-politikaren esparruan emaitzengatik eta egiturazko erreformengatik ordaintzea?  

Bere ustez, emaitzetan oinarritutako finantzaketa agenda politikoan dago.  Gaur egun, erreferentzia nagusia SEM – Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsak dira, Batzordearen eta estatu nazionalen artean adostutako helburu eta jomuga jakin batzuk lortzera baldintzatuta baitaude.

“Gure ustez, emaitzetarako orientazioa geratzeko iritsi da. Inork ez du eztabaidan jartzen zer abantaila dituen gastuaren efizientzia, eta gehigarritasuna ere, sustatzeko. Baina etekinerako orientazioak kontzeptu fisiko bat baino zerbait gehiago izan behar du”, adierazi du.

Bere iritzian, emaitzen araberako ordainketa “ez da panazea. Baliteke finantzaketa-modu hori egokia ez izatea arlo eta inbertsio guztietarako; adibidez, emaitzak administrazio-etekinaren mende baino gehiago kanpoko kausen mende dauden arloetan”.

Horregatik, 2027aren ondorengo Europako Kohesio Politika izan beharko lukeena azalduta, Barredok adierazi du administrazio-karga murriztea eta errazago aplikatzea funtsezko alderdiak direla emaitzak lortzen laguntzeko. Eta, adibide gisa, SEM funtsetatik etorkizunera begira atera behar den ikasgaia adierazi du. Izan ere, funts horietan, “prozedura berriak lehengo prozedurei gainjartzen zaizkie eta, ondorioz, administrazio-karga bikoizten da”.

 “Beraz, emaitzen araberako ordainketa-eredu baterantz jo behar da, baina ahaztu gabe eredu hori ez dela inolaz ere panazea, eta zenbait arlotan onura baino eragozpen gehiago ere ekar ditzakeela”, adierazi du.

1973an sortu zenetik, EPIKek bere ekintza bideratu du eskualde kideen beharrak eta interesak lurraldean eragin handia duten politiketan kontuan hartuko direla bermatzera. Batez ere gizarte-, ekonomia- eta lurralde-kohesioa, itsas politikak eta irisgarritasuna ditu ardatz. Europako gobernantza, energia eta klima-aldaketa haren bere jardueraren esparru garrantzitsuak dira.

Iñaki Barredo sailburuordearekin batera, Ekonomia eta Plangintzako zuzendari Alberto Ansuategik foro honetan planteatutako zenbait lan-mahaitan parte hartu du. Hain zuzen, foroa gaur amaitzen da Linkoping-en (Suedian).