Emakundek ikerketa eta berrikuntzan ematen den genero arrakalari buruzko ekitaldia antolatu du NBE-ren CSW67an

Argitalpen-data: 


      2023-03-14_side_event_csw67.jpg

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak hasiera eman dio gaur “Ikerketa eta berrikuntzan dagoen genero-arrakala murrizten: jardunbide egokiak eta erronkak” izeneko saioari, NBEren Emakumeen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen (CSW67) 67. edizioko jardueren barruan. Emakundek eta Euskadik AEBn duen ordezkaritzak, Uruguai eta Flandesekin batera, antolatu dute CSWren jarduerekin paraleloa den ekitaldi hau.

Aurten, munduko batzorde honen gai nagusia izan da “Berrikuntza eta aldaketa teknologikoa, genero-berdintasuna lortzeko hezkuntza aro digitalean eta emakume eta neska guztien ahalduntzea”. Eta testuinguru horretan antolatu da ekitaldi hau, Elgarrestak adierazi duen bezala, “une honetan gure gizartean berdintasunean aurrera egiteko esparru zientifiko eta teknologikoan dagoen aldea murrizteak duen garrantzian fokua jartzeko helburuarekin”.

Helburu horrekin, berrikuntzaren, aldaketa teknologikoaren eta aro digitaleko hezkuntzan genero-arrakala murrizteko erakundeek dituzten estrategiak eta ekimenak ezagutu nahi izan dira gaurko saioan, baita erakundeen arteko lankidetza-bideak sustatu ere.

Hala, gaian adituak diren ahotsek parte hartu dute: Lorena Fernández Álvarez, ingeniari informatikoa, Deustuko Unibertsitateko identitate digitaleko zuzendaria eta STEAM ikasketak generi ikuspegiarekin gaiari buruzko dibulgatzailea; Silvana Ravía, Uruguaiko Hezkuntza eta Kultura Ministerioko Berrikuntza, Zientzia eta Teknologia Zuzendaritza Nazionaleko Genero Taldearen koordinatzailea; eta Cristina Oyon, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Iraunkortasuneko zuzendaria.

Elgarrestaren hitzetan, ikasketen aukeraketa faktore garrantzitsuenetako bat da, ez bakarra, emakumeek zientzian eta teknologian bizi duten egoera aztertzen dugunean. Bere ustez, “garrantzitsua da neskei sentiaraztea zientzia- eta teknologia-munduko partaide izan daitezkeela”, emakume zientzialarien adibideak eta egin dituzten ekarpen handiak erakusten, besteak beste. Adierazi duenez, “ikerkuntzan, zientzian eta teknologian genero-dimentsioa txertatu behar da, besteak beste, arlo horietan pertsona guztiak eta bizitzako esparru guztiak sar daitezen, inolako gutxiespenik egin gabe”.

Ekitaldi paralelo hau antolatzearekin batera, Emakundek CSW67an beste ekitaldi eta bilera batzuetan parte hartu du egun hauetan. Besteak beste, NBE Emakumeak erakundeko ordezkariei Berdintasunerako eta indarkeriarik gabeko bizitzetarako Herri Itunaren berri eman die, Generation Equality nazioarteko ekimenaren esparruan lankidetza-espazioak identifikatzeko helburuarekin.