Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak politika berriak adostu ditu gazteentzat eta 50 urtetik gorakoentzat, eta zaintzaren aldeko itun sozial baten oinarriak ezarri ditu

Argitalpen-data: 

Euskadiko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak, elkarrizketa sozialari ematen zaion babesa berariaz berretsi ondoren, bizikidetzarako eta aberastasuna modu orekatuan banatzeko funtsezko pieza gisa, asteazken honetan talde berri bat sortzea erabaki du, erronka demografikoak enpleguan duen eragina aztertzeko, gazteen enpleguari buruzko itun baten oinarriak finkatzeko, 45 edo 50 urtetik gorakoak kontratatzeko programa berri bat bultzatzeko, eta zainketen aldeko itun sozial baten oinarriak onartzeko.

Mahaiaren osoko bilkura Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak zuzendu du, eta harekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan dira. Gobernuko kideekin batera, lantaldeak zuzentzen dituzten sailburuordetzetako arduradunak egon dira.

Confebaskeko ordezkaritzaren buru Isabel Busto presidentea izan da. Loli Garcia Comisiones Obreras-Euskadiko idazkari nagusia izan da sindikatu horren ordezkaritzaren buru, eta Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusia erakunde sindikal horrena.

Hiru ildo nagusi eta zaintzaren aldeko itun soziala

Dokumentuak hiru ildo nagusi eta garatu beharreko itun berri bat jasotzen ditu. Lehenik eta behin, jarraitzen dutenak, hala nola prestakuntza-eredu propio baten oinarriak garatzea eta 4.0 industriara bidezko trantsizioa bermatzeko ekintzak. Era berean, berdintasunaren arloko konpromisoak, batez ere berdintasun-planen negoziazio-batzordeei laguntzeko tresnak eta egiturak garatzeko proiektu pilotua, eta Parte-hartze Instituzionalari buruzko Legea proposatzeko lanak burutzea.

Bigarrenik, ezabatutako ekintzak, ezarritako helburuak lortu direlako, hala nola Enpleguaren Euskal Legeari buruzko aurretiazko lanak, Legebiltzarrera iritsi dena, eta subsumitutako ekintzak, lan-osasunaren arloko prebentzio-jarduera sustatzearekin gertatzen den bezala, orain Enpresa txiki eta ertainetara zuzendutako Prebentzio Kulturaren Euskal Behatokiaren berezko helburu gisa hartuta.

Hirugarrenik, erronka demografikoarekin eta adinaren kudeaketarekin lotutakoa erreferente partekatutzat duten ekintza berriak, bai eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak erantzuna ematen dien Eusko Legebiltzarrean hartutako erabakiak betetzearekin lotutakoak ere, hiru puntu azpimarragarrirekin:

  • Enplegu Taldearen barruan, gazteen enpleguaren kalitatearen aldeko itun baterako oinarri komunak aztertzea, Gobernuak egindako Emantzipazio Estrategiaren esparruan;
  • adina kudeatzea enpresetan eta gizarte-eragileek parte hartzea 45 edo 50 urtetik gorako langileen okupazio-tasak handitzeko programen eta ekintzen diseinuan;
  • eta erronka demografikoari buruzko lantalde espezifiko berri bat sortzea enpleguaren eta lan-harremanen ikuspegitik.

Gainera, gaurko Mahaiak babestu egin ditu legegintzaldi honetako lehen bileran sortutako gizarte-politiken taldeak zainketen alde adostutako itun sozialaren oinarriak. Oinarri horiek 2022an landu dira, eta, orain, honako konpromiso hauekin garatuko dira: emakumeei zaintzan ematen dieten dedikazioagatik eragiten dien egungo desberdintasuna iraultzea, beharrezko aldaketak posible egiteko jardueren zeharkakotasuna, lan profesionala duintzea eta balioestea, kalitatezko enpleguetara bideratzeko, eta esparru horretan sortzen diren lanbide-aukerak garatzea.

Bileran, halaber, etengabeko jardueraren berri ematen duen txosten bat ere babestu da: 27 bilerak, orain arte zeuden sei sektore-taldeak, koordinazio-taldea, Lan Ikuskaritzako aholku-batzordea eta lanerako ezintasun iragankorragatiko baja-prozesuak aztertzeko talde teknikoa.

Informazio gehigarria