Gobernu Kontseiluak 150.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du PHARE Territorios Globales erakundeari zuzenduta. Laguntza horri esker, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak sailekoa, Kolonbian bakearen eta indarkeriarik ezaren hiri-agenda bat diseinatu eta ezartzen lagunduko du.
Kolonbiako Gobernuaren eta FARC-EPren arteko Bake Akordioa sinatu eta sei urteetara, bakea oraindik ez da lortu herrialdeko lurralde askotan. Legez kanpoko ekonomiei, erauzketa-industriei eta biztanleriaren kontrol sozialari lotuta dauden talde armatuak daude eta gerra dinamika jarraitzen du gatazka gehien sufritu zuten zonaldeetan. Era berean, hirietan narkotrafikoarekin edo ekimen antolatuarekin lotutako indarkeria-egoerak ere gertatzen dira.
Zuzeneko dirulaguntzaren helburua da Kolonbiako Bakerako eta Indarkeriarik Ezaren Hiri Agenda bat diseinatzea, nazioarteko ikaskuntzak kontuan hartuta, eta berau ezarri herrialdeko hiri batean proba pilotu batekin.
eLankidetzako zuzeneko dirulaguntzak
Norgehiagokako deialdiez gain, eLankidetzak zuzeneko dirulaguntza bidezko ekimenak ere sustatzen ditu. Laguntza horiek plan estrategikoek zehazten dituzte, eta, gainerako tresnak bezala, gizartea eraldatzeko, krisi humanitarioei erantzuteko, eragileak indartzeko edo euskal gizartea sentsibilizatzeko balio dute.
Gauzak horrela, 2023an, Gobernu Kontseiluak lankidetzarako eta elkartasunerako 20 ekimen onartu ditu; tartean, bake prozesuak laguntzeko, giza eskubideen defendatzaileak babesteko edo berdintasuna eta sexu eta genero aniztasuna sustatzeko munduko hainbat luraldetan. Gainera, palestinarrei zuzendutako hiru dirulaguntza eman ditu eta finantza lankidetzako hiru ekimen pilotu sustatzeko laguntzak bideratu ditu.