Carrefour konpainiak 2023ko Enpresa Txiki eta Ertainen Sariak eman dizkie gaur Cafés Baque, Elikagaien Trantsizioko Sariaren kategorian, eta Sidras Bereziartua, Euskadiko ETE onenaren kategorian.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek sari banaketan parte hartu du, eta aurtengo bi enpresa irabazleen izaera familiarra nabarmendu du, "enpresa irabazleek Euskadin errotutako enpresa-eredua betetzen dute, non tradizioa, espiritu ekintzailea eta berrikuntza nortasunaren ezaugarri dira".
Carrefour Enpresa Txiki eta Ertainen Sarien helburua eskualdeko eta tokiko nekazaritzako elikagaien enpresa txiki eta ertainen eta nekazaritzako eta abeltzaintzako kooperatiben lanari balioa ematea da. Era berean, Carrefourrek bera dagoen herrietako ingurune sozioekonomikoetan integratzeko hartutako konpromisoari erantzuten diote, eskualdeetako ekonomiei lagunduz.
Ildo horretan, Orozek eskerrak eman dizkio Carrefourri, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreko produktua merkaturatzeko kanal anitzeko estrategiaren parte izateagatik. "Sektore honek bere produktuen kalitate bereizia lortzea du helburu, gure pasaporte onenetakoa baita merkaturatzeko, bai tokian-tokian, bai estatuan, bai nazioartean" – gaineratu du sailburuordeak.