Bilbo-Basurtu ESIAk erradioterapiako bi ekipo berritu ditu

Argitalpen-data: 


      Sagardui-Basurto.jpg

Bilbo, 2023ko martxoaren 20a

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Bilbo-Basurtu ESIko Erradioterapia zerbitzua bisitatu du. Izan ere, Goi Teknologiako Ekipoetan Inbertitzeko Planaren (INVEAT) esparruan, bere OTA (Tomografia Axial Konputarizatua) eta azeleragailu lineala berritu ditu. Bi ekipoek azken aurrerapenak dituzte, tratamendu zehatzagoak eta pertsonalizatuagoak ahalbidetuko dituztenak.

Ordezkapen horiekin, Bilbo-Basurtu ESIko Onkologia Erradioterapikoko zerbitzuak goi-mailako teknologiako 3 azeleragailu lineal, erradioterapiako OTA espezifikoa eta prestazio handiko irrati-ebakuntzako gela ditu gaur egun.

Bi ekipo berri horiek jauzi kualitatiboa ekarriko dute egin daitezkeen tratamenduen kalitatean, eta kalitate-bermea eskaintzen dute, eremu horretan erabilgarri dauden bitarteko onenak baitira. Guztira, 4,5 milioi euroko inbertsioa egin da Bilbo-Basurtu ESIko bi ekipoak berritzeko (3,5 milioi azeleragailutik eta milioi 1 OTAk).

 

Osakidetza osoan berritzea

Guztira, Osakidetza proiektu batean murgilduta dago, eta datozen hilabeteetan teknologia handiko beste 8 OTA berrituko ditu Euskadiko unibertsitate-ospitale guztietan. Ekipo horiek irudiaren kalitatea hobetuko dute detekziorako eta diagnostikorako, eta, aldi berean, pertsonak jasotzen duen erradiazioa murriztuko dute. Era berean, argitasun handiko irudiak lortzeko aukera emango dute, eta horrek hainbat gaixotasunen detekzioa, diagnostikoa eta maneiua hobetzea ekarriko du.

Gainera, espektro-irudi mota honek, prozesatu ondoko aplikazio aurreratuekin batera, beste abantaila asko eskaintzen ditu. Garrantzitsuenen artean -pazientearen beraren segurtasuna hobetzen laguntzeagatik-, dosi erradiologikoa murriztea eta pazienteari eman beharreko kontraste-kantitatea murriztea.

Ekipo horien berrikuntza irudi bidezko diagnostikoko eta tratamenduko ekipoak berritzeko eta eguneratzeko etengabeko prozesu baten barruan kokatzen da. Prozesu hori Plan Onkologikoan jasota dago, eta Osakidetza 2019an hasi zen egiten.