Asteburu honetan Administrazio Orokorrean enplegu publikoa sendotzeko proba berriak egingo dira Barakaldoko BECen

Europa_Jauregian__gaur.jpg

2023-02-03

  • Administrazioa, administrazio kudeaketa, ekonomia eta enpresa, eta estatistika eta datuen analisiaren eskaletako lanpostuak lortzeko hautagaiak egingo dute azterketa larunbatetik igandera bitartean.

Barakaldoko BECek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean enplegu publikoa sendotzeko bigarren deialdiko proba berriak hartuko ditu asteburu honetan (otsailak 4 eta 5). Zehazki, bide bereziaren bidez (oposizio-lehiaketa) goi mailako administrazio, administrazio kudeaketa, ekonomia eta enpresa, eta estatistika eta datuen analisiaren eskaletako lanpostuetara aurkezten diren pertsonak egingo dute azterketa.

Probak larunbatetik igandera bitartean egingo dira, goizez eta arratsaldez. Larunbatean, 10:00etatik aurrera, administrazioko goi mailako eskala aukeratu duten pertsonen txanda izango da. Eskala horretan, 235 plaza atera dira lehiaketara. Egun berean, baina 16:00etan, administrazio kudeaketako eskalako 112 plazetarako probari ekingo zaio.

Igandean, ekonomia eta enpresa eskalarako proba (76 plaza) eta estatistika eta datuen analisiaren eskalarakoa (63 plaza) egingo dira, lehena 10:00etan eta bigarrena 16:00etan. Bigarren deialdi honetako probak otsailaren 11n amaituko dira, Ibaiondo zentroko hezitzaileentzako eta eskala juridikoetarako azterketekin. Urtarrilaren amaieran egin ziren fase honetako lehen probak. Bestalde, hirugarren eta laugarren deialdietako probak geroago egingo dira, orotara 949 eta 21 plaza betetzeko, hurrenez hurren.

Oro har, bigarren deialdi honetan Administrazio Orokorreko 1.034 plaza atera dira lehiaketara; horietatik 716 salbuespenezko prozesu baten bidez esleituko dira, eta 318, prozesu berezi baten bidez. Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa bidez egiten da, eta deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztutako merezimenduak baloratuko dira, hala nola antzeko lanpostuetan, titulazioetan edo hizkuntzetan emandako esperientzia urteak. Enplegua finkatzeko prozesu berezia lehiaketa-oposizio bidez egiten da: lehenik, nahitaezko probak egiten dira, eta, gainditu ondoren, pertsona bakoitzaren merezimenduak baloratzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko enplegu publikoa sendotzeko prozesu osoan 133 finkatze prozesu deitu dira (84 merezimendu lehiaketako salbuespenezko prozesu eta 49 oposizio-lehiaketako prozesu berezi). Horietan guztietan, 100.000 eskaera inguru erregistratu dira orain arte. Prozesu horiek amaitzean, 3.700 plaza huts baino gehiago beteko dira.