Artolazabal Badajozen da 1937aren eta 1941aren artean, Urduñako kontzentrazio-esparruan eta espetxean hildako presoen senitartekoen bilaketa-laneko buru

2023-01-28

 
EGUNERAKETA LARUNBATA 23.01.28: Extremadurako zortzi familia berri Gogora Institutuarekin harremanetan jarri dira gaur Castueran egingo den topaketaren antolaketaren berri izan ondoren. Beraz, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskal Institutua hango 41 familiarekin harremanetan dago jada; horietatik, 32k DNA laginak eman dituzte lurpetik ateratako gorpuzkinekin alderatzeko.
 
  • Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, “askatasunaren aldeko borrokalariren bat hobi edo areka batean desagertuta edo lurperatuta badago, hura aurkitzeko, desobiratzeko eta identifikatzeko konpromisoak egon behar du”
  • Urduñako espetxean ia 4.000 preso erregistratuta izan ziren eta erdiak Extremaduratik zetozen; haietako 127 presondegian hil ziren
  • 71 gorpuzki desobiratu dira; helburua da ahalik eta senitarteko kopuru handienarekin harremanetan jartzea, identifikazio genetikoa egiteko DNA eman ahal izateko

 

Castuera, 2023/01/28

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, Castueran (Badajoz), Extremadurara joan den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako buru izan da. Bertan izan dira, hedabideen, memoria historikoaren elkarteen eta Urduñako espetxean hildako presoen (Gerra Zibilekoak eta lehen gerraondokoak) senitartekoen aurrean Bizkaiko udalerriko hilerrian eginiko desobiratze-lanen berri emateko eta, hala, zortzi hamarkada ondoren, senitarteko izan daitezkeenak aurkitzen saiatzeko.

“Haien bizitza eman zutenak, gerra-tokian erori zirenak, areka batean tirokatuak izan zirenak, espetxearen eta kontzentrazio-esparruen laztasunak jasan zituztenak eta, kasu askotan, ordainean heriotza jaso zutenak, eta mota orotako errepresioaren xede izan zirenak, gaur, guri zuzentzen zaizkigu.  Eskubidea dute eta zuok, haien senitartekook, eskubidea duzue”, esan du Artolazabalek.

Extremadurako udalerritik Urduñako presondegira eramandako preso gehienak nekazariak ziren, eta errepresio faxista jasan zuten. Pertsona horien oroimenez eta askatasunaren aldeko beste borrokalari batzuen oroimenez sailburuak esan duenez: “bai haiek bai haien senitartekoek eskubidea dute gorpuzkiak aurkitu, desobiratu eta identifika daitezen; haiek ohoratzeko eskubidea, haiengatik negar egiteko, haien hilobian lore bat uzteko”.

“Ez diegu bizitza bueltan emango, baina bai haien ingurukoen artean bakean atseden hartzeko eskubidea, duintasunerako eskubidea, kontuan hartuta duintasun hori kendu nahi izan zietela, baina sekula galdu ez dutela”, esan du, eta, aldi berean, hobietan edo areketan lurperatutakoak “aurkitzeko, desobiratzeko eta identifikatzeko” konpromisoa erakutsi du.

Sailburuak gogorarazi du 1937aren eta 1941aren artean Urduñako espetxean izan ziren eta erregistratuta dauden 3.981 presoetatik, 2.035 Extremaduran jaioak izan zirela eta/edo bertako auzoko zirela. Gainera, haietako asko, aurretik, Castuerako kontzentrazio-esparruan izan ziren; horregatik izan da EAEren ordezkaritza Badajozeko udalerri horretan.

“2.000 pertsona baino gehiago eraman zituzten, trenez, 700 km baino gehiagotara eta, han, bakartu eta zigortu egin zituzten, bai haiek bai senitartekoak. Errepresio handiagatiko zigorraz gainera, deserrotzearen krudelkeria ere izan zen. Eta haietako batzuk ez ziren sekula itzuli. Urduñan jasan behar izan zituzten baldintza krudelengatik hil ziren: hotza, gosea, pilaketa, gaixotasuna”, esan du Beatriz Artolazabalek.

71 gorpuzki desobiratu

Bisitaren helburua da 71 pertsonaren gorpuzki desobiratuak identifikatzen saiatzea; haiek 2014ko ekainean eta 2022ko abenduan Urduñako hilerrian eginiko bi indusketa-kanpainetan berreskuratu ziren. Dagoen dokumentazio historikoaren bidez badakigu Urduñako espetxean hildako 225 presoetatik, erdia baino gehiago (127) jatorriz Extremadurakoak zirela (125 Badajozekoak eta 2 Cáceresekoak), eta haietako 87 Catuerako presondegitik eraman zituztela.

Hildako Extremadurako preso horiez gainera, Gaztela-Mantxako 41 (34 Ciudad Realekoak, 4 Toledokoak eta 3 Albacetekoak) izan ziren, 22 Malagako espetxetik hara eramanak, 7 Tarragonakoak eta beste 28ak, Estatuko beste probintzia batzuetakoak.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua da biktimak identifikatzeko lanak koordinatzeko arduraduna, eta lortu du, gaur arte, Bizkaiko espetxeko biktimen 41 senitartekorekin harremanetan jartzea, eta kudeatu du haiekin, dagoeneko, DNAren laginketa egiteko lana.

EAEren ordezkaritza Castueran izan da, handik dei bat egiteko Urduñako espetxean hildako presoen senitartekoei, harremanetan jar daitezen eta identifikazio-prozesuari buruzko informazioa emateko. Horretarako, 944 032 845 zenbakira deitu edo gogora@euskadi.eus helbidera idatz dezakete.

Helburua da ahalik eta senitarteko kopuru handienarekin harremanetan jartzea, gorpuzkien identifikazio genetikoa egiteko DNA eman ahal izateko. Hil zirenetik igaro den denborak, hezur-hondarretatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA ateratzen duen senitartekoaren ahaidetasun-mailak zehazten du, neurri handi batean, identifikazio genetikoa lortu ahal izatea.

Urduñako hilerrian gorpuzkiak aurkitzeko lan horiek Urduñako Udalarekin, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Espainiako Gobernuarekin elkarlanean egiten dira.

“EAEtik Extremadurara doan kilometro bakoitzak merezi izan du. Izan ere, haien bizitza eman zutenak ohoratzea merezi du; izan ere, memoria historiko eta demokratikoarekiko konpromisoak merezi du eta, bereziki, zuon barneko bakeak eta zuon bihotzak merezi dutelako. Zortzi hamarkada ondoren atseden hartu ahal izatea merezi du”, esan du amaitzeko, EAEko sailburuak.

Beatriz Artolazabal buru duen EAEren ordezkaritzan José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria ere izan dira.

Ekimena posible izan da Extremadurako Juntaren eta Castuerako Udalaren elkarlanari esker.

Ekitaldi publikoan, era berean, Francisco Pérez Urban Extremadurako Juntako Kultura eta Kirol Kontseilaritzako Liburutegien, Artxiboen eta Kultura Ondarearen zuzendari nagusiak; Francisco Martos Castuerako alkateak eta Naiara Garmendia, Urduñako espetxean hildako Bernardo Rodríguez Rincon, Campanarioko laborariaren, birbilobak ere parte hartu dute. Senitartekoekin bildu ondoren, Guillermo León eta Antonio López historialari eta memorialistek, AMECADEC (Asociación Memorial Campo de Concentración de Castuera) elkartearen fundatzaileek, bisita gidatua egin dute La Gamonita-ko kontzentrazio-esparrua zegoen lekura.

Kontzentrazio-esparrua eta espetxea

1937aren eta 1941aren artean, Urduñan, Padres Jesuitas ikastetxean, gerrako presoen kontzentrazio-esparru bat ezarri zen eta, ondoren, 1939ko urrian, espetxe zentral bat. Han, gutxienez, 255 pertsona hil ziren; haietako 24, kontzentrazio-esparruan.

Gatibuetako batzuk derrigorrezko langile gisa erabili ziren, eremuan zenbait eraikuntza-lan egiteko.

Urduñako kontzentrazio-esparrua 1937ko uztailean jarri zen abian, alderdi matxinatuak borrokalari errepublikarrak masiboki kontzentratzeko esparruen sare bat abian jarri zuenean. Han, presoak sailkatu zituzten, Errepublikaren alde zeukaten erantzukizun-mailaren arabera.

Haietan guztietan, bidegabekeria eta bizi-baldintza penagarriak izan ziren nagusi: pilaketak, apalkuntzak, gosea, hotza, gaixotasunak eta heriotzak.

Esparru horietako gehienak 1939an itxi ziren, batzuk izan ezik, besteak beste, Urduñakoa (1939-1941), eta preso izatera igaro ziren. Gerra amaituta, Urduña Frankismoko espetxe-politikaren makineriaren zati bilakatu zuten, bereziki diseinatu baitzuten gerra galdu zutenentzat.

Presoen profila aldatu egin zen: herrialdetik urrundutako lekuetatik zetozen. Hala, badakigu Urduñan gatibu zeudela hil ziren pertsona gehienak Extremadurako, Andaluziako, Gaztela-Mantxako eta Kataluniako autonomia-erkidegokoak zirela.

 

** Urduñan hildako pertsonen zerrenda PDF formatuan aurkitu ahal izango duzue hemen.