Amurrioko udatexean Ttipi-Ttapa Amurrio aurkeztu da, ibiltarien sarea sortzeko proiektua. Udalak sustatzen du, MugiAmurrioren eskutik, Eusko Jurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren laguntzarekin, eta udalerriko hainbat erakundek parte hartzen dute, hala nola Nagusilanek, Adinekoen Kontseiluak, Amaurre Ikastetxeak, Zaraobe Institutuak eta ASASAMek.
Proiektuak, alde batetik, jarduera fisikoa sustatu nahi du, baina, aldi berean, gizarte-harremanak berreskuratzeko topagune izan nahi du espazio publikoan. Elkar ezagutzeko, partekatzeko, enpatizatzeko eta elkarri eragiteko aukera bat izan nahi du. Gizarte-kohesioa, belaunaldien arteko elkarrekintza eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioa dira lortu nahi dituen helburuetako batzuk. Horren adibide da egoitzan instituzionalizatutako adinekoek parte hartuko dutela, boluntarioen laguntzari esker.
Ibilaldiak azaroaren 13an eta abenduaren 1ean eta 14an egingo dira, beti 10:00etan, eta Juan Urrutia plazan hasi eta amaituko dira. Bi ibilbide egingo dira, distantzia eta zailtasun desberdinekin, betiere parte-hartzaileen mailara egokituta. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea eta ibilaldi bakoitzaren ondoren salda banatuko da indarberritzeko.

2024an Ttipi-Ttapa Amurrio proiektuak jarraipena izango du, baina oraindik ez dira datak zehaztu.