Ainara Herce, Lehiaren Euskal Agintaritzako presidente berria

Argitalpen-data: 

logo

PRENTSA OHARRA

Ainara Herce, Lehiaren Euskal Agintaritzako presidente berria

Organismoaren parte da hura sortu zenetik, eta hainbat postu bete ditu bertan. Azkena, idazkari nagusiarena.

LEA/AVCko hirugarren presidentea izango da.

2023ko urriaren 27a

Gaur goizean argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ainara Herce San Martín Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA/AVC) presidente izendatu dutela. 2012an sortu zenetik organismoaren parte izan da, instrukzioko arduradun, lehiaren arloko arduradun eta 2019tik idazkari nagusi gisa. Orain, LEA/AVCko hirugarren presidente bihurtu da. Gobernu Kontseiluak izendatu du, urriaren 24an egindako bilkuran, eta Alba Urresola ordezkatu du, horren agintaldia amaitu ondoren.

Ainara Herce San Martín legelaria da, Zuzenbidean lizentziaduna UPV/EHUn, eta honako graduondoko titulu hauek ditu: Praktika Juridikokoa (Deustuko Unibertsitatea-Bizkaiko Abokatuen Elkargoa), Ogasun eta Finantza Publikoetakoa (UPV/EHU) eta Sektore Publikoko Kontratuetakoa (UNED).

EAEko Administrazio Orokorreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoko karrerako funtzionarioa da eta 2006tik egin du lan lehiaren arloan. Izan ere, urte horretan sortutako Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuan aritu zen, LEA/AVCren aurrekaria izan zen erakundean, hain zuzen. Aldez aurretik, Kontrol Ekonomikoko Bulegoan aritu zen kontu-hartzaile gisa.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.