Administrazio Orokorreko bitartekotasuna %8tik jaitsiko dela ziurtatu du Garamendik, abian dauden finkatze prozesuak egiten direnean

Olatz_Garamendi_sailburua__gaur.jpg

2023-02-03

  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak azpimarratu du plaza guztiak, 3.700 inguru, martxan dauden deialdiekin beteko direla
  • Nabarmendu du hautaketa prozesuari berme juridiko osoz ekin zaiola, eta araugintza eta betearazpen jardun sorta bat behar izan dela. Orotara, 133 finkatze prozesu deitu dira
  • Garamendik behin-behinekotasuna murrizteko neurriak proposatu ditu, hala nola LEPen deialdi erregularra, kudeaketa prozesuak eta plantillen dimentsionamendua
  • Azpimarratu du onartu berri den Euskal Enplegu Publikoaren Legeak abiada handiagoa ahalbidetuko duela enplegu publikoa lortzeko orduan, eta Euskadiko enplegu publikoa koordinatzeko batzorde berriaren zeregina azpimarratu du

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak enplegu publikoan bitartekotasuna murrizteko hartutako ekimenak defendatu ditu gaur, eta nabarmendu du Euskadiko Administrazio Orokorrean tasa %8tik behera geratuko dela dagoeneko martxan dauden enplegu publikoa finkatzeko prozesuak amaitzen direnean. Olatz Garamendik adierazi du aurreikuspenen arabera 3.700 lanpostu huts baino gehiago esleituko direla hautaketa prozesuen amaieran.

Garamendik Luis Gordillo PP-Cs taldeko legebiltzarkidearen interpelazioari erantzun dio Eusko Legebiltzarrean, eta gogorarazi du “aitzindariak izan garela Estatuan” prozesu horiek abian jartzeari dagokionez. Bitartekotasun datuakk kezkagarriak direla partekatu ondoren, egoera hori eragin duten arrazoi nagusien artean Estatuko Administrazioak birjarpen tasei dagokienez ezarritako araudi mugatzailea dagoela azpimarratu du.

Puntu horretan adierazi duenez, prozesu honek araugintza eta betearazle jarduketa multzo oso bat behar izan du, horrek hartzen duen denborarekin, eta gaineratu du prozesuari segurtasun juridiko handienarekin ekin zaiola. Prozesuak lau deialditan garatu dira:

- 1. deialdia (2022ko ekainaren 12an): 1.272 plaza, 4 eskalatakoak. 48.054 eskabide jaso ziren.

- 2. deialdia (2022ko iraila): 1.034 plaza, 28 eskala eta lanbide kategoria. 30.701 eskabide jaso ziren.

- 3. deialdia (2022ko azaroa): 949 lanpostu, 53 eskala eta kategoria profesionaletan. 15.776 eskabide jaso ziren.

- 4. deialdia (2022ko abendua): 21 plaza. Eskaerak egiteko epea zabalik dago oraindik.

Guztira, aipatutako plazak 91 eskala edo kategoriatakoak dira, eta 133 finkatze prozesu deitu dira (84 merezimendu lehiaketako salbuespenezko prozesu eta 49 oposizio-lehiaketako prozesu berezi). Horietan guztietan, 100.000 eskaera inguru erregistratu dira orain arte.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak argi utzi du gai hau berak zuzentzen duen Sailaren lehentasunezko apustua izan dela, eta Euskal Enplegu Publikoari buruzko Lege berriaren balioa nabarmendu du, giza baliabideak planifikatzeko, hautatzeko eta hornitzeko hainbat tresna biltzen baititu, eta, horiei esker, pertsonak enplegu publikora azkarrago iritsiko dira. “Euskadiko herri administrazioetan aplikatu beharreko araua denez, funtsezkoa da koordinazio eta lankidetza egokia ahalbidetuko duten mekanismoak antolatzea”, adierazi du Eusko Legebiltzarrean egindako hitzaldian. Ildo horretan, Euskadiko Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea sortu dela nabarmendu du, Administrazio Orokorra eta Instituzionala, Foru Administrazioak eta Toki Administrazioa eta EHUko irakasle ez diren langileak kontsultatu eta koordinatzeko organo gisa.

Ildo beretik, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak hainbat neurri aktibatzeko beharra planteatu du, hala nola LEPen deialdi erregularra, aurretiko lekualdatze lehiaketen prozesuekin, edo plantillak kudeatzeko eta dimentsionatzeko prozesuak, lanpostu hutsen kudeaketa planifikatua egitea ahalbidetuko dutenak.