Istripua gaur goizeko hamabiak laurden gutxian gertatu da GI-631 errepideko 31,5 kilometro-puntuan, Urretxuko udal-barrutian eta Zumarragarako noranzkoan.
Bi kamioik alboz talka egin dute, eta bat Urola ibaira erori da.
Talkaren ondorioz ibaira erori den kamioiaren gidaria, 42 urteko gizona, zaurituta geratu da, eta Donostia Ospitalera eraman dute. Hasiera batean gidaria kamioi barruan harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileen laguntza behar izan da erreskatatzeko.
Talka gertatu bezain laster, errepidea erabat itxita geratu da zirkulaziorako, eta agenteek A-636 errepidetik, Zumarragatik, desbideratu dute eta auto-pilaketak sortu dira. Arratsaldeko ordu biak eta laurden aldera ireki da errei bat, eta ertzainek txandaka bideratu dute trafikoa.
Garabi bat arratsaldeko lauak eta laurdenean agertu da istripua gertatu den lekura kamioia ibaitik ateratzeko, eta zirkulazioa berriz eten behar izan da eta berriz ere A-636 errepidetik desbideratu da.
Ohar hau bidali den orduan, 19,30ean, errepideak itxita jarraitzen du, garabia lanean ari baita oraindik eta herri-lanetako langileek bidea garbitu behar baitute.