Lehenengo istripua goizeko hamaiketan gertatu da BI-3234 errepidean, Ibarrangeluko udal-barrutian. Honda motozikleta batek eta Volkswagen Passat auto batek aurrez aurre talka egin dute Antzora auzoan.
Kolpearen ondorioz, motozikletaren gidaria, 36 urteko gizona, larri zaurituta geratu da. Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuetako baliabideak hurbildu dira istripua gertatu den lekura, horien artean Ertzaintzaren patruila batzuk eta biktima artatu duten osasun-zerbitzuak.
Zaurien larritasunaren ondorioz, motor-gidaria Osakidetzaren helikoptero batean eraman behar izan dute Gurutzetako ospitalera.
Bigarren istripua arratsaldeko ordu bat eta laurdenean gertatu da, kasu honetan Mercedes Benz auto batek atzetik jo du Piaggio motozikleta bat BI-637 errepideko Erromoko biribilgunean, Leioan.
Istripuaren ondorioz motozikletaren gidaria, 38 urtekoa, zauritu egin da, eta anbulantzian eraman behar izan dute Urdulizeko ospitalera.