Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Gordailuko funtsak guztion eskura daude
2017an Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen Aldundia beraren, San Telmo Museoaren, Kutxa Fundazioaren edo bilduma pribatuen funtsak gorde, kontserbatu eta zaintzeko zentro soil bat izateari utziko ziola, ondarearen eta kulturaren inguruko zerbitzuak eta baliabideak ematen hasteko
Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da. Milaka objektu artistiko, etnografiko eta arkeologikok erakusten dute gure baserri-, hiri- eta industria-ingurunearen iragana eta oraina. Bere instalazio eta zerbitzuen bidez, haien kontserbazioa, ezagutza, erabilera eta gozamena bermatzen ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ondare higigarri joria dauka, batez ere artelanak eta balio etnografiko eta historikoko elementuak. Horietarik, Gordailuan 40.000 pieza baino gehiago biltzen dira.
Askotarikoak dira haien jatorriak, ezaugarriak, multzoak, gaiak, eskuratzeko bideak, eta abar. Oro har, aldundiak Gipuzkoako historiaren eta gizartearen objektu esanguratsuak bildu nahi ditu, baserrikoak, kalekoak zein industrialak. Hortaz, lurraldean eginikoak jasotzen dira, bai eta, jatorriak jatorri, bertako bizimoduaren, jardunbideen, eboluzioaren, jende arruntaren nahiz kulturan itzala izan dutenen berri ematen dutenak ere.
2017az geroztik Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko funtsak kanpora ateratzen dira eta Euskadiko eta Europako hainbat museotan erakusten dira. Horrela, bere funtsak ezagutzera ematen ditu museoen sarearekin eta beste kultur erakunde batzuekin lankidetzan, hori baita piezen erakusleiho onena. Izan ere, funtsen % 10 inguru museoetan eta aldi baterako erakusketetan erakusten dira, alegia, erakusketa grafikoetako parametroetako ohiko proportzioan. Gainerakoa ez da erakusten hainbat arrazoirengatik, besteak beste, ikerketako edo espazioko arrazoiengatik, gaiagatik, kontserbazio egoeragatik...


