Altxerriren itsiera: Donostia isil eta hitsagoa
Altxerri arte galeria eta kontzertu areto eta taberna abenduaren 31n itxiko dute, Donostia erdialdeko kultur eskaintza 40 urtez elikatu eta dinamizatu eta gero
Musikarik eta artelanik gabeko hiria toki eskasagoa da halabeharrez. Nostalgiari atea irmoki itxita ere, esan dezakegu asko galtzen dela hiri batek agurtzen duenean lau hamarkadaz, besteak beste, Eduardo Chillida, Esther Ferrer, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Idoia Monton, Nestor Basterretxea, Jose Luis Zumeta, Juan Luis Goenaga eta Jose Antonio Sistiaga artisten lanak erakutsi dituen tokia eta, aldi berean, hiriko, Euskal Herriko eta nazioarteko musikari ezagun eta ezezagunei abegi ona eskaini dien aretoa.
Altxerriren ateak itxiko dituzte 2023a joatearekin bat, abenduaren 31 izango du azken eguna galeria eta aretoak, eta zurtz edo zurtzago geldituko dira horrenbestez sortzaileak, artista eta musikariak, eguneroko kultur pultsuari eusteko lan nekezean azkenaldian hainbat galera sufritu dituen hirian: Lagun liburu denda itxi berri dute eta Doka kontzertu aretoak jarduna gelditu behar izan du behin-behinean, sabaiko egituran "kalte larriak" aurkitu dituztelako, berbarako.
Orain, Altxerrik 40 urteko zikloa itxiko du, "artea eta zuzeneko musika ulertzeko eta bertan egoteko modu bat", proiektuaren arduradunen hitzetan. Lokal "enblematiko eta pribilegiatua" izan dute Donostiako Boulevardean, eta "artistei, bezero eta lagunei zein langileei" eskerrak ematea besterik ez zaie gelditzen dagoeneko, Artemio Zarcok eta Pepita Zozayak, Victor Suinagak eta Piedi iriondok, eta Ramon Iriondok eta Raquel Martinez Ubagok 1983. urtean abiatu zuten proiektua amaituta.


