Aurkeztu dute hamar kontzertu izango dituen "Larunbat Musikalen" 2024ko programazioa
- Urtarrilaren 13an hasiko da, haurren Gabonak luzatuz, ipuin musikal berri batekin: Iluna Produccionesen "El pincel mágico"
- Talentu gaztearen eta tokiko artisten aldeko apustua egingo du, entzule berriak erakartzeko
- 2023an 1.100 entzule baino gehiago izan dira
Urtarrilaren 13an itzuliko dira Larunbat Musikalak. Formatu txikiko kontzertu eta ekitaldien ziklo horretan, antzinako musika, musika klasikoa, garaikidea, zarzuela nahiz beste kultura batzuetako musikak izaten dira. Arte Ederren Museoa du agertoki nagusi, eta hamar kontzertu izaten dira (hilean bat, udako bi hilabetetan izan ezik).
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak 2024ko programazioa aurkeztu du gaur. Adierazi duenez, "programazioa askotarikoa izango da aurten ere, eta bultzada berezia emango zaie gazteei eta tokiko artistei. Soinu eskaintza desberdina izango da, azken batean".
Izan ere, ziklo horretan bertako artista ugari izaten da beti, baina, era berean, beti egoten da tokia Euskadiko eta Espainiako beste leku batzuetako interpreteen talenturako eta garapenerako. Edizio honetan, gainera, sailak duela hogei urte baino gehiagotik antolatzen dituen beka artistikoen laguntza jaso duten hainbat pertsonak hartuko dute parte, baita beste erakunde batzuen bekak jaso dituzten artistek ere.
Kontzertu guztietarako sarrera librea izango da tokiak bete arte. Kontzertu bakoitzaren aurreko astean emango dira bakoitzari buruzko xehetasunak.
Informazio gehiago eta egitarau osoa, hemen.


