Amaia Elizaran: «Inprobisazioaren ideiak eta lan metodoa erabili ditugu urrats bat gehiago emateko»
Amaia Elizaran dantzari eta koreografo tolosarrak dantza garaikideko zazpi pieza original sortzeaz gain, proiektu kultural desberdinetan hartu du parte azken hamar urteetan. Udazken honetan, koreografo lanetan bakarka egon da lehen aldiz, Etxepare Euskal Institutuak eta Conseil des Arts et Lettres de Quebec-ek Montrealen (Canada) sustatutako dantza sorkuntza egonaldian.
Egonaldi honetan In a Loop obra garatu du École de Danse Contemporaine de Montrealen. Egonaldia Etxepare Euskal Institutuaren eta Conseil des Arts et Lettres de Quebecen arteko lankidetzari esker, Gipuzkoako Dantzagunearen eta Tabakaleraren laguntzarekin batera bost astetan garatu da. Sorkuntza egonaldi hau Québec- Pays Basque programaren barruan kokatzen da. Koreografoa eta dantzaria 2015etik bere proiektu propioetan dabil lanean, Amaia Elizaran izenpean.
In a Loop Elizaranen zortzigarren sorkuntza da. Ikuskizun berri honen bidez, koreografoak indibidualtasunaren bilaketa irudikatu nahi izan du etengabe eraldatzen ari den aldi baterako bukle baten barruan. Amaia Elizaranek ideia berak errepikatzean eta inprobisazioan oinarritu du bere ikerketa koreografikoa. Obra abenduaren 6an estreinatu zen Montrealen.
Zein izan da egonaldi proiektu honen helburua zuretzat?
Niretzat proiektu honen helburua dantza garaikideko pieza bat sortzea zen, ezagutzen ez nituen hamalau ikaslerekin. Hau niretzat erronka bat izan da, lehenengo aldia izan delako koreografo lanetan aritu naizela, obran interpretea ere izan gabe. Asko gozatu dudan erronka izan da eta uste baino errazagoa izan da, bertako ikasleek haien energia guztia jarri dutelako proiektuan.


