Arriaga Antzokira iristeko prestatzen ari da "Charlie y la fábrica de chocolate" musikala, Daniel Diges Willy Wonka gisa ekarriko diguna
Roald Dahlen eleberrian oinarritutako ikuskizunak, zinemarako arrakasta handiz moldatu zenak, sei emanaldi eskainiko ditu Bilbon abenduaren 28an, 29an eta 30ean, egunean bina saiorekin, 17:00etan eta 20:30ean.
Gabonetarako bi aste eskas falta direla eta urtea amaitzeko hiru aste pasatxo falta direla, denok gabiltza egun handi horietarako eta bi jaien arteko egunetarako planak prestatzen, eta, hain zuzen ere, hor kokatu du Arriaga Antzokiak bere plater nagusia, "Charlie y la fábrica de chocolate" musikal ikusgarria, zeinarekin 2023ari itxiera emango baitio.
Abenduaren 28tik (osteguna) 30era (larunbata), Willy Wonka ahaztezinarena egingo duen Daniel Diges buru duen 26 artistaz osatutako talde handi batek interpretatuko du musikala. Madrilen arrakasta handia lortu izanaren bermearekin iritsiko da Bilbora, eta ikusleei sei emanaldi eskainiko dizkiegu Arriaga Antzokian, egunean bina saiorekin, 17:00etan eta 20:30ean.
"Charlie y la fábrica de chocolate" Roald Dahlek idatzitako istorio harrigarrian oinarritutako musikal bat da. Mel Stuart zinema-zuzendariak zinemarako moldatu zuen eleberria 1971n, “Willy Wonka & the Chocolate Factory” filma egiteko, Leslie Bricusse eta Anthony Newle musikagileen abestiekin. Tim Burtonek ere moldatu zuen Dahlen lana, eta Johnny Depp aktorea protagonista duen “Willy Wonka & the Chocolate Factory” film arrakastatsua egin zuen 2005ean.
Federico Bellonek zuzenduta, musikalak 26 artista biltzen ditu oholtza gainean, eta zuzenean interpretatzen dituzte 2013an Londresko West End-ean estreinatutako musikalaren jatorrizko abestiak, non lau urtez jarraian txarteldegiko markak hautsi zituen. Ondoren, arrakasta ukaezina mundu osora zabaldu zen. 2017an iritsi zen Broadwayra, eta 2018an bira egin zuen Estatu Batuetan; 2019tik 2021era bitartean oihartzun handia izan zuen Australian, eta hortik aurrera beste hizkuntza batzuetara egokitu zen. 2019an Italian eta Norvegian estreinatu zuten. 2021ean Brasilera, Frantziara eta Danimarkara iritsi zen.
2022ko irailean Estatuan estreinatu zen Let's Go ekoiztetxearen eskutik, eta bi bider luzatu zen, ia 7 hilabetez ikusgai egotera iritsiz. Orain, musikala Espainiako Estatuan bira egiten ari da, eta hilabete batzuk gehiago luzatuko da. Arriaga Antzokiko geldialdia, zalantzarik gabe, berezienetako bat izango da, Gabonetan izango delako eta urtea Bilbon itxiko delako, abenduaren 28tik 30era.
SINOPSIA
Mundu osoan ospetsua den Willy Wonkak bere fabrika misteriotsuaren ateak irekiko ditu Bilboko Arriaga Antzokian. Charlie Bucket gazteak eta urrezko txartela irabazi duten beste lau lagunek betiko aldatuko dituen esperientzia biziko dute. Fabrikako langile ezagunak —Oompa-Loompak— gidari dituztela, Wonkaren irudimenezko mundua ezagutuko dute: txokolatezko ur-jauziak, katagorri eroak eta askoz sorpresa gehiago.
26 ARTISTA AGERTOKIAN
Daniel Diges abeslariak egingo du Willy Wonka mitikoarena. Harekin batera, antzeztalde bikain bat izango dugu Charlie y la fábrica de chocolaten.
Gio García eta Christian Velert aktore gazteak txandakatu egingo dira Charlie Bucket-ena egiteko. Esteban Oliverrek Abu Joe-ren papera egingo du. Antzeztaldeko gainerako kideak hauek dira: Ana Dachs (Bucket andrea), Guillermo de Quinto (Augustus Gloop), Malia Conde (Gloop andrea eta zuzendari egoiliarra), Marta Melchiorre (Veruca Salt), David Castedo (Salt jauna), Paula Moncada (Violet Bauregarde), Juan Dos Santos (Bauregarde jauna), Alex Arce (Mike Teavee) eta Begoña Álvarez (Teavee andrea). Ensembles gisa izango ditugu Javier Enguix, Mario Alberto, Antonio Villa, Juanki Fernández, Daniel Mochini, Christian Velert (txandakatuz), Dámaris Aragón, Meritxell Valencia, María Layos, Beatriz Villar, Francisco Gala eta Patricia Serradell. Swing male+dance captain-a Jose Miralles izango da eta Swing female gisa, Ariadna Comas izango dugu.


