Eduardo Hernando: «Arte eszenikoen arloan publiko berriak sortzea da erronka handienetako bat, eta pantailek eta mundu digitalak ematen ez duten "gertutasuna" da horretarako estrategia»
MicroRIZOMA proiektuaren bitartez, Pez Limbo konpainiak arte eszenikoak berriro eramango ditu Arabako institutu eta herrietara. Bi programak osatzen dute MicroRIZOMA: PixKat eta AntzokOH! Lehena 15 eta 20 urte arteko gazteentzat da, eta bigarrenak esku-hartze artistikoak proposatzen ditu azpiegitura eszenikorik gabeko herri txikietan. Pez Limboko Eduardo Hernandok xehetasun gehiago eman dizkigu.
Zer da MicroRIZOMA proiektua?
Bitartekaritza-proiektu bat da, eta zenbait arrazoirengatik arte eszenikoez gozatzeko ohiturarik ez duten esparruetan lantzen dugu (adibidez, landa-eremuetan eta gazteen artean).
(Argazkia: Asier Bastida)
Pez Limbo konpainia gasteiztarrak antolatzen du MicroRIZOMA. Zer da Pez Limbo eta nork osatzen du?
Pez Limbo arte eszenikoen konpainia bat da: sorkuntza propioan eta arte eszenikoekiko nahiz beste konpainia batzuekiko trukean oinarritzen du ekoizpena. Umorea, garraztasuna eta poesia nahasten ditu, errealitatearen begirada kritikoan oinarrituta beti.
2011. urtean eratu zen, eta hemezortzi ikuskizun sortu ditu aretoetarako, kalerako eta konbentzionalak ez diren guneetarako. 1.200 emanaldi baino gehiago egin ditu.
Emanaldi eszenikoetarako espazio alternatiboak bilatzeko grina dugu; publikoarekiko gertutasuna da gure xedea.
Esan daiteke ustekabeko egoerak sortzen ditugula espazio publiko baten egunerokotasunean, gertakari sinestezin eta dibertigarriak sortuz, herritarrak arte eszenikoetara erakartzeko asmoz.
PixKatek, MicroRIZOMA proiektuaren barruan garatzen diren bi programetako lehenak, zortzigarren edizioa du. Zer da? Zer herritakoak dira aurten parte hartuko duten ikastetxeak?
Goiz batean, Euskal Herriko edozein institututan, gure tramankuluekin heltzen gara, eta, ikastetxean libre dagoen toki batean, agertoki txiki bat muntatzen dugu: ordu horretan literatura-eskola duten ikasleak etortzen dira egun horretan institutura eraman dugun antzezlana ikustera. Proposatzen ditugun antzezlanek 20 minutu inguruko iraupena dute, eta, ondoren, mintzaldi bat egiten dugu ikasleekin, antzezleekin eta irakasleekin.
Aurten, udalerri hauetako ikastetxeek hartuko dute parte: Gasteiz, Lapuebla de Labarca, Trokoniz, Agurain, Donostia, Berriz, Kanpezu, Murgia eta Nanclares.
(Argazkia: Asier Bastida)
Aro digitalean, praktika artistikoak, oro har, eta arte eszenikoak, zehazki, sartzen dira gazteen jardueren artean?
Gaur egun, begiratu batean, nahiko baztertuta daude; ez dago antzerkira joateko ohiturarik, ezta bisitatzen ditugun herrietako kaleko jaialdietara joateko ohiturarik ere, eta ez dute inolaz ere beren burua sortzaile gisa ikusten. Hala ere, antzerkiaren osteko elkarrizketan azpimarratzen dugun puntuetako bat eskolaz kanpoko jarduerak dira, eta beti dago dantzatu, margotu, musika-tresnaren bat jo edo antzerkia egiten duen norbait. Gure helburuetako bat da jarduera horien balioa azpimarratzea, horiek erdigunean jartzea eta gazteak animatzea praktikatzen jarraitzeko edo ikasten hasteko.
(Argazkia: Asier Bastida)
AntzokOH! programa berriagoa da. 2021ean sortu zen, COVID-19aren aurkako neurriek oraindik erabat baldintzatutako egoeran. Zein da haren helburua? Zer herri bisitatuko ditu aurten eta nolako ikuskizunak programatu dituzue?
Bai, egia da, AntzokOH! une kritikoan jaio zen; ondorioz, arte eszenikoen piezekin betetzea lortu genuen espazio bakoitza garaipen bat izan zen guztiontzat. Une hunkigarriak bizi izan genituen lehen edizioan, eta, agian, proiektuak oraindik eutsi egiten dio lortzen zailak diren gauzen duintasun horri.
AntzokOH! programan, arte eszenikoak landa-eremura eramatea proposatzen dugu. Horretarako, bi pieza eszeniko eramaten ditugu 500 biztanletik beherako eta azpiegitura eszenikorik gabeko herrietara: bat, konbentzionalagoa, eta bestea, garaikideagoa. Xedea da eztabaida piztea publikoaren eta artisten arteko elkarrizketan, mahai baten inguruan, herriak eskaintzen dituen eta elkarrizketa lasaitzen duten mokaduen artean.
Kasu honetan, normalean erabilera mugatua duten herriko espazio komunak erabiltzea proposatzen dugu: eliza, bolatokia, gizarte-zentroa, eskola zaharra, eta abar. Guztiok erabiltzeko eskatzen ditugu, herriak bere ondareari beste era batera begiratzeko, herritik bertatik.
Aurtengo edizioan, Sarria, Aramaioko Azkoaga auzoa, Trebiñu, Elvillar, Zalduondo eta Untza bisitatuko ditugu.
Adierazi duzun moduan, bi programetan garrantzi handia dute obra antzeztu ondorengo elkarrizketak eta publikoaren eta antzezleen arteko harremanak. Zer dinamika erabiltzen duzue kasu bakoitzean? Zer da interesgarriena jendearentzat topaketa horietan?
PixKaten proposamena da ikasleen jakin-mina sustatzea, sortzaile potentzial gisa dituzten ezaugarriak indartzea eta eskura dituzten bide akademiko eta profesionalak erakustea. Aldiz, AntzokOH! programak eztabaida eta hausnarketa piztu nahi ditu sormen-lanei eta haien arteko desberdintasunei buruz, ikusle-klub bat izango balitz bezala; kulturaren forma guztiekiko zaletasuna bilatzen dugu. Bi programetan, eskura duten kultura-eskaintza erakusten diegu, askotan ez baita nabarmentzen, eta, eskaintzen diegun esperientziaren bidez, gertuko erreferentziazko kultura-zentroetan parte hartzera gonbidatzen ditugu.
(Argazkia: Asier Bastida)
Testuinguru honetan, non erronka handia den publiko leialaren konfiantzari eustea, arte eszenikoen publiko berriak sortu nahi dituzue. Hori al da zuzeneko arteen erronka handietako bat une honetan? Hala bada, zein dira zuen estrategiak?
Bai, hori da, zehazki, erronka handietako bat, eta pantailek eta mundu digitalak ematen ez duten "gertutasuna" da estrategia. Zuzeneko artista gisa, hori aldarrikatzen dugu, giza presentzia, eragin argia izateaz gain ordezkaezina baita. Gure inguruko pertsonen errealitatea ezagutu nahi dugu, eta geure burua jendartean ezagutzera eman, gure ogibidearen apaltasunen bidez.
(Argazkia: Asier Bastida)
Urte hauetan zehar, zenbat pertsonarengana heldu da MicroRIZOMA proiektua, PixKat eta AntzokOH programen bidez? Zein da zuen balorazioa? Etorkizunari begira, zer azpimarratu behar da arte eszenikoen arloan?
Urtea 10.000 ikuslerekin baino gehiagorekin amaituko dugu: 9.500 inguru PixKaten 2016az geroztik, eta 800 inguru AntzokOH!-ren hiru edizioetan.
Gure balorazioa ona da oso, bai parte-hartzeagatik eta jardunaldietan publikoaren eskutik jaso ditugun feedbackengatik, bai gurekin lan egiten duten irakasle-taldeek helarazi dizkiguten hausnarketengatik. Horrez gain, kultura-teknikariekin ere lan-saioak egiten ditugu, eta proposamen asko elkarrekin sortzen ditugu.
Guri emaitzak ekartzen dizkigute publikoarekiko harremanak eta gertutasunak; uste dut tresna ona dela ikusleak arte eszenikoetara zaletzeko. Amaitzeko, edozein argudio da ona gertutasun hori sustatzeko.
(2023ko abenduaren 1ean argitaratutako Berezia)


