Esne Beltza taldeak "Esne bidea" diskoarekin agur esango dio 17 urteko ibilbideari

  • Esne Beltza taldeak
    (argazkia: Balaunka)

Diskoa aurkezteko, 2024. urtean zehar Agur deneri izeneko azken bira bat egingo dute, eta 2025ean azken kontzertu berezi bat antolatuko dute, taldeari merezitako agurra emateko

Esne Beltzak Esne Bidea diskoa argitaratu du, Xabi Solano (ahotsak, trikitixa, gitarrak, oinarri elektronikoa), Lova Lois (ahotsak), Zigor Lampre (scratchak, samplerrak), Ion Mari Beasain (gitarra elektrikoa eta gitarra klasikoa), Aitor Zabaleta (baxua), Iban Zugarramurdi (bateria), Peio Gorrotxategi (teklatuak), Jon Elizalde Jontron (tronboia), Javi Perez (tronpeta) eta Jon Garmendia Txuria (hitzak) taldekideen azken lana izango dena. Zazpi abestiz osaturiko lan honekin agur esango dio taldeak 17 urteko ibilbide luze eta oparoari.

Azken diskoa dela esan dute, eta hala da, Esne Beltzaren azkena, “gure denbora lerroan zortzigarrena, eta badakigu azkena dela esateak bereganatuko duela atentzioa, «badoaz» «uzten dute» esanaz, baina merezi duen arreta eskaini nahi diogu egin dugun zazpi abestiko diskoari”, adierazi dute.

Abestien doinu guztiak Solanok berak sortu ditu. Hitzak, berriz, Jon Garmendia idazleak. Bakoitzak beretik emanda osatu dute urteotako ibilbidea elkarrekin, ehun kantutik gora sortuz eta Esne Beltzaren zuzenekoei kolorea, zentzua eta nortasuna emanaz.

Esne bidea AEBren artean sortu eta ekoitzi du taldeak, Rafa Sardina grabazio ingeniariaren eskutik. Taldekideek azaldu dutenez, “ohoreaz gain, plazera izan da lan hau berarekin egitea, Grammy sariez eta errekonozimenduaz at, musikari eskaintzen dion arreta eta maitasuna dagoelako beregan, guretzat denbora hartu du eta mimoz egindako lan hau da emaitza”.

Hainbat artistak kolaboratu dute azken lan honetan, horien artean daude: Unlearn The World Wahingtoneko MC-a, Sweet Barrio taldeko partaide Pucci abeslari madrildarra, Chambao, Rocky Dawuni abeslari ghanarra eta Xiberoots-eko Jon Etxekopar abeslari zuberotarra, besteak beste.

Diskoaren diseinua Omar mexikarrak egin du, GranOM. Artea erabiltzen du borroka sozialak laguntzeko, artea propagandarako, kontzientziak pizteko, herriari laguntzeko. Badu taldekideak guztiz identifikatzen dituen esaldi bat: “Tenemos que esforzarnos para hacer que cada instante con las personas que convivimos sea memorable, eso es arte”.

(Irakurri informazio osoa)


  • DataAzaroak 27
  • Gaia Musika