Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia, "Arnasa betean. A pulmón" dokumentalaren zuzendariak: «Emakumeen begirada, edo begiradak, txertatze hutsak aldatu egiten du zinema, ezinbestean»

  • Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia, "Arnasa betean. A pulmón" dokumentalaren zuzendariak: «Emakumeen begirada, edo begiradak, txertatze hutsak aldatu egiten du zinema, ezinbestean»

Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan estreinatu zen munduaren aurrean Arnasa betean. A pulmón dokumentala, atzoko eta gaurko euskal emakume zinemagileek egindako zineman murgiltzeko proposamen bikaina. Emakume haien filmetako gaiak erakusten dizkigu, beren begiradak, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta, batez ere, zinemari egindako ekarpena; hiru emakumeren urpeko bidaia baten bidez kontatuta. Filmaren zuzendari Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiarekin hitz egin dugu.


Nola jaio zen proiektua, zer helburu zenuten? Memoria- eta aitortza-ariketa bat da filma? Zer kontatu nahi zenuten zehazki?

Arnasa betean. A pulmón kazetari gisa dugun esperientziatik sortu zen, eta Berthak errealizadore-lanetan duen esperientziatik. Oso gertutik ikusi ditugu emakumeak zinema egin ezinik, oztopo eta oztopo, beren lana inork aintzat hartu gabe. Eta pentsatu genuen ekarpen txiki bat egin genezakeela erakusteko, oztopoak oztopo, hainbat emakumek zinema egin dutela, ez nolanahikoa, eta haien begirada, edo begiradak, ezinbestekoak ditugula.


Itsaspeko munduan garatzen da dokumentala, irudizko fikzioaren bitartez, apnea egiten duten hiru emakume urpekariren bidaia aitzakia hartuta. Hori izan zen filmaketaren zatirik zailena? Zer irudikatu nahi izan duzue itsasoaren bidez?

Itsaspeko fikzioa izateak makina bat buru-hauste eman zigun, bai. Menorcan filmatzea erabaki genuen, eta, filmaketa hasi orduko, apnea egiten duten hiru emakumeen –Rea López, Lara Larrañaga eta Ainhoa Incógnitoren– indarra, dotorezia eta inplikazioa ikusita, bagenekien gure ametsa mamitzeko moduan izango ginela. Argazkigintzako zuzendari Rubén Crespori esker, gainera, mamia ez ezik, azal ederra ere badauka proiektuak.

Gure itsaspeko eszenetan, emakumeen ahalegina eta aske izateko grina irudikatu nahi genituen, bai eta emakume askok bizi duten mundua ere, eder bezain idorra; mundu horretan gordeta baitago emakumeek egindako zinema, altxor preziatua. Itsasoan batetik bestera garamatzan bidaia da film hau.


Dokumentalak atzoko eta gaurko EAEko emakume zinemagileek egindako zineman murgiltzea proposatzen du, 19 zinemagileren eta ikertzaile* baten eskutik. Hasiera-hasieratik izan al zenuten argi nor aterako zen dokumentalean, eta haiekin zer gai landuko zenituzten?

Hasieran, zinemagile askoz gehiago aukeratu genituen lanerako. Film asko ikusi genituen, eta haietatik eta guk dagoeneko gogoan genituen ideia batzuetatik tiraka, gidoia taxutzeko gaiak hautatu genituen. Gero, zinemagile-zerrenda hori murriztu beharra izan genuen. Adinaren, zinema-motaren eta beste kontu batzuen arteko oreka nahi genuen, eta propio landu nahi genituen gai batzuk sartu. Prozesu gogorra izan zen oso, baina guztiz beharrezkoa filma bideragarria izango bazen.


Filmean askok aipatu dute, behin baino gehiagotan, oso zaila dutela finantzaketa lortzea, emakume izateagatik proiektuetako buru izateko gabeziak egozten dizkietela eta zuzentzen dituzten lanen kalitatea dudatan jartzen dietela etengabe. Horren harira, Mireia Gabilondok dio, aurren-aurrena, zinema egiteko izandako ausardia eskertu behar zaiela emakume haiei guztiei. Hala ere, desberdintasunak, egon, badaude XX. mendearen azken laurdeneko eta XXI. mende honetako emakume zinemagileen artean, ezta?

Bai, gauzak oso desberdinak dira garai hartako zinemaren aldean. Gizartea ez da berdina: orain emakumeek erraztasun handiagoa dute edozein lanbidetan aritzeko, eta konfiantza handiagoa dute beren lanarekin. Gainera, zinemagileok erresistentzia egin dutelako, irmo jarraitu dutelako eta ondo antolatu direlako, laguntza publikoak lortu dituzte, eta laguntza horiek funtsezkoak dira film batzuk aurrera ateratzeko, besteak beste, azken urteetan arrakasta izaten ari diren euskal zinemagileen lanak. Nolanahi ere, ezin dugu ahaztu oraindik ere arraila hor dagoela. Ikusi besterik ez dago zinemako lanbideetan generoaren arabera zer-nolako diferentziak dauden eta, jakina, gizonek eta emakumeek beren filmetarako lortzen dituzten aurrekontuetan zer-nolako aldea dagoen.


Elkarrizketatuen hitzez gain, haien filmen zatiak ere jaso dituzue. Mota guztietako lanak daude: nola aukeratu dituzue hainbesteren artean?

Inurri-lana izan da. Behin baino gehiagotan ikusi dugu film bakoitza, filmaren muina eta dokumentalean une horretan kontatzen ari ginena ondoen irudikatzen duten zatiak hautatu arte. Eskubideen kudeaketa eta klipa filmean sartu arteko prozesu osoa ere oso nekeza izan dira. Baina oso pozik gaude: filma ikusi eta gero, jende askok esaten digu asko deskubritu dutela, eta film horien zerrenda eduki nahi luketela, denak ikusteko.


Emakume zinemagileak sari ugari jasotzen ari dira azken aldian. Eta Arantxa Echevarríaren hitzetan: "ez da emakumeok modan gaudelako, baizik eta azkenean hitz egin dugulako. Azkenean, norbaitek entzun egin digu". Nola ari da aldatzen zinema, emakumeen begiradari esker?

Emakumeen begirada, edo begiradak, txertatze hutsak zinema aldatu egiten du, ezinbestean. Emakumeei esker, garai batean filmetan islatzen ez ziren gaiak, egoerak edo emozioak agertzen dira orain, eta, batez ere, mundu propioa duten pertsonaia femeninoak agertzen dira, estereotipoak alde batera lagata, gurekin hobeto identifikatu ditzakegunak. Beharbada, bestelako ekarpen batzuez hitz egin genezake: gorputz femeninoak irudikatzeko modu desberdin batez; nola beren barne-mundua gehiago erakusten duten, inguruan duten munduaz arduratzeari utzi gabe; esperimentatzeko grinaz... Baina erreparo askorekin aipatzen ditugu horiek, ez dugu-eta ahaztu behar emakumeek egindako zinema askotarikoa dela.


Donostia Zinemaldian estreinatu zenetik,  Arnasa betean. A pleno pulmón dokumentalak ibilbide aipagarria darama egina, eta Gasteizen, Iruñean, Madrilen, Tokion... proiektatu da. Zer harrera izaten ari da? Iritsiko al da areto komertzialetara?

Erantzun bikaina jasotzen ari da, eta proiekzio bakoitzean ikusten dugu jendea hunkituta eta harrituta ateratzen dela. Beharbada, film soilagoa, aspergarriagoa edo errepikakorragoa espero dute, eta harrituta geratzen dira arina eta erakargarria dela ikusita. Esaten digute oso esperientzia atsegina bizi izan dutela: itsasoaren irudiak, urpekarien mugimenduak, zinemagileen hitzak, filmetako eszenak, Olatz Salvadorren eta Borja Antonen musikaren erritmoa... Areto komertzialetara iristea espero dugu, bai, baina oraingoz ez daukagu lotuta.


Hainbat urtetan, emakumeek "arnasari eutsita” egin behar izan dute lan zineman, baina bai zuen dokumentalean, bai Euskal emakume zinemagileak liburuan –María Pilar Rodríguezek koordinatua eta iaz Euskadiko Filmategiak argitaratua–, merezitako aitortza egin diozue haien lanari, eta bi adibide besterik ez dira. Nola ikusten duzue emakume zinemagileen etorkizuna? Azken urteotako aldaketa geldiezina ote da? Edo, filmean bezala, urpean ibili beharko dugu oraindik altxor eder horiek azaleratzeko?

Oso tankera ona hartzen diogu etorkizunari. Badakigu bide luzea dagoela egiteko, baina konfiantza handia dugu belaunaldi berriengan, indarrez gainezka datoz-eta. "Arnasari eutsita" aurrera egin behar izan duten emakume zinemagile haien guztien ondarea jasoko dute emakume gazteek, eta bultzaka jarraituko dute emakumeen zinemari buruz hitz egiteko beharrik ez dagoen arte. Erabat sinistuta gaude hemendik aurrera ez dugula urpean ibili beharko altxor horien bila, ez horixe.

______

* ELKARRIZKETATUAK

María Elorza (A los libros y a las mujeres canto), Maider Oleaga (Muga deitzen da pausoa), Arantxa Echevarria (Carmen y Lola, Chinas), Mireia Gabilondo (Kutsidazu bidea, Ixabel, Amaren eskuak, Erlauntza), Lara Izagirre (Nora, Un otoño sin Berlín), Alauda Ruiz de Azúa (Cinco lobitos), Ana Díez (Todo está oscuro, Ander eta Yul), Esti Urresola (20.000 especies de abejas), Leire Apellaniz (El último verano), Iratxe Fresneda (Tetuán), Helena Taberna (Nagore, La buena nueva, Yoyes), Isabel Herguera (Amore D'Inverno, El sueño de la sultana), Bego Vicario (Pregunta por mí), Izibene Oñederra (Lursaguak), Ana Murugarren (La higuera de los bastardos), Marina Lameiro (Young & Beautiful, Dardara), Arantza Santesteban (918 gau), Maddi Barber (592 metroz goiti), Maite Ruiz de Austri (El regreso del viento del norte, ¡Qué vecinos tan animales!) eta Pilar Rodriguez (Deustuko Unibertsitateko ikertzailea).

______

ERLAZIONATUTAKO EDUKIA

______

(2023ko azaroaren 27an argitaratutako Berezia)