Ibarrolak paperean egindako azken lanak ikusgai, bihartik aurrera Durangon
Erakusketa gaur ireki behar zuten, baina larunbatera atzeratu dute artistaren heriotzagatik. Paperean egindako olio-pinturak eta 'frottage'ak ikusi ahal izango dira, paperean egindako 'collage' eta eskultura batzuekin batera.
Durangoko (Bizkaia) Museoak bihar arte atzeratu du Agustin Ibarrolak egindako azken lanak jasotzen dituen erakusketa. Gaur zen ateak irekitzekoa, baina larunbatera atzeratzea erabaki dute artistaren heriotza dela eta, familiarekiko begirunez.
'Papera ardatz' izeneko erakusketa urtarrilaren 28ra arte egongo da irekita, eta bertan ikusi ahal izango dira 1997tik 2022ra artista basauriarrak ideia laborategi gisa egindako tamaina txiki eta ertaineko lanak.
Paperean egindako olio-pinturak eta 'frottage'ak bildu dituzte, paperaren gainean osatutako 'collage' eta eskultura batzuekin batera.


