Hernanikomik, euskarazko komikigintza erdigunean jarriko duen azoka prest da
Aurtengoan ere azoka eta komiki aurkezpenak izango dira HernaniKomiken muina.
Hernani Euskal Herriko komikilarien eta komikizaleen topagunea izango da ostiralean eta larunbatean, hilak 17 eta 18. Euskarazko komikigintza erdigunean jartzeko asmoz sortu zuen iaz Hernaniko Udalak azoka hau, udal liburutegiaren bultzadarekin, “euskara hutsezko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da Euskal Herri mailan”, nabarmendu dute.
“Iaz hasi ginen azoka honekin, komikiari ikusgarritasuna emateko asmoz”, azaldu du Aitor Huizi Kultura zinegotziak. “HernaniKomik egonkortzea nahiko genuke, urteroko zita bihurtzea”.
Mikel Begoña komikigileak azaldu duenez, “komikiaren eragile ezberdinak auzolanean ibili gara hau guztia antolatzen. Jaialdi honek daukan balio inportante bat da euskal komiki munduak daukan aniztasuna kontuan hartuz zubiak eraikitzen dituela eragile ezberdinen artean”.
Hala, aurtengoan ere azoka eta komiki aurkezpenak izango dira HernaniKomiken muina. Euskal komikigintzaren nobedadeen erakusleihoa izango da Atsegindegi plazan hilaren ostiralean eta larunbatean. Egun osoko azoka izango da bi egunetan eta hamar postu egongo dira bertan: Ataramiñe; Denonartean; Dobera; Elkar; Harriet; Hernani Errotzen; Herrima; Gaueko; Sare antifaxista; Xabiroi-Ikastolen Elkartea; Udalbiltza eta UNRWA Euskadi.
Bestalde, bederatzi komiki-aurkezpen izango dira, egileen presentziarekin. Tartean, sortzaile hernaniarrek ere parte hartuko dute.
Ikasleentzako komiki-tailerra ere zuzenduko du Ainara Azpiaxu Axpi-k, Hernaniko Institutuko DBH 2. mailako ikasleekin. Zuzenean marrazteko saioak ere izango dira.
Aurtengo kartela Jon Zabaleta hernaniarrak egin du.


