Katapulta Tour Gipuzkoa 2024

  • Katapulta Tour Gipuzkoa 2024

Urtero bezala, musikako eta arte eszenikoetako 10 proiektu hautatuko dira.

Deialdia musikaren eta arte eszenikoen arloetako artista profesional emergenteei edo erdi-profesionalei zuzenduta dago.

‹Katapulta Tour Gipuzkoa› Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kutxa Fundazioak sustatzen dute, Buenawista Prolleckziom´s lankidetzarekin.

Bederatzigarren edizio honetan ere Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak 'Katapulta Tour Gipuzkoa'ri babesa ematen jarraitzen dute, eta programak Gipuzkoako talentua balioan jarri eta bultzatzeko eta, horrela, Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzeko apustu sendoari eusten dio. Ohiko kontzertuei, ‹Katapulta Tour Gipuzkoa› programak aurreko edizioan prestakuntza espezifikoak eta hautatutako proposamenetarako entsegu-espazioak gehitu zizkien, profesionalizazioranzko bidean are gehiago laguntzeko. Aurten, konpromiso horri eusten zaio, eta Kutxa Fundazioaren Kluba aretoa ere espazio eszeniko izango da.

Goizane Álvarez Kulturako diputatua: "Kultura Departamentuan konpromisoa dugu tokiko talentua sustatzeko eta gure kultura-eszena aberasteko. Espero dugu ‹Katapulta Tour Gipuzkoa›ren 9. edizio honetan ere Gipuzkoako talentu berria erakarriko duela eta lagunduko duela gure lurraldeko panorama artistiko bizia ere. Hemendik pasa dira Izaro, Elena Setién, Sara Zozaya edo Idoia Asurmendi bezalako artistak. Benetan sinesten dugu kulturak eta arteak gure gizartea aberasteko eta Gipuzkoako eszenaren bizitasunean laguntzeko duten boterean".

Ainara Guzman Kutxa Fundazioko arduradunak adierazi duenez, “Gipuzkoarekiko konpromisoa sentitzen dugu, eta kulturaren eta haren agenteen bidez haren aurrerapena bultzatzen dugu, gure lurraldearen garapen iraunkorrean duten garrantzia aitortuz. Funtsezkoa da profesionalizatzea, eta, horregatik, Katapulta Tour Gipuzkoa programan, edizio berri honetan indar handiagoz prestakuntzaren alde egiten dugu, eta deialdian izena eman duten guztiei tailerretan parte hartzeko aukera ematen diegu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren ‹Katapulta Tour Gipuzkoa› programak deialdi berria zabalduko du azaroaren 13tik abenduaren 4raesteka honetan, Gipuzkoan 2024an egingo diren formatu txikiko musikako eta arte eszenikoetako proiektuei laguntzeko programan parte hartuko duten artistak hautatzeko.

‹Katapulta Tour Gipuzkoa›n hautatutako artistei Gipuzkoako hainbat espaziotan 4 emanaldi egiteko aukera eskaintzen zaie; espazio horietako bat izango da Kutxa Fundazioaren Kluba Aretoa, Tabakaleran. Gainera, 400 euroko konpentsazio ekonomikoa izango dute emanaldi bakoitzeko, bai eta sustapen-bideo bat grabatzeko, komunikazioari eta sustapenari, eszenografiari, ekoizpenari, ekonomiari eta fiskalitateari buruzko prestakuntza programa bat egiteko eta Kutxa Fundazioak Tabakaleran dituen instalazioetan entsegu-espazio partekatuak doan erabiltzeko aukera ere. Gainera, lan handia egingo da haien lanak zabaltzeko.

Edizio honetako berritasun gisa, deialdian inskribatutako proiektu guztiei, hautatuak izan ez arren, aipatutako prestakuntza-programan doan parte hartzeko aukera emango zaie. Programa hori honako baldintza hauetan burutuko da:

  • Prestakuntzarako plazak mugatuak izango dira eta parte hartzeko izena eman beharko da.
  • Izen-ematearen ordenaren arabera esleituko dira plazak.
  • Programa osoan parte hartzeko hautatutako proiektuei plaza bat gordeko zaie proiektu bakoitzeko, eta nahitaezkoa izango da ikastaroa egitea. Proiektuko gainerako kideek ere parte hartu nahi badute, inskripzio orokorra egin beharko dute eta inskripzioaren hurrenkeraren arabera plaza esleitzen bazaie, joan ahal izango dira.

2023an, guztira 65 jarduera egingo dira programa honen baitan, Gipuzkoa osoko hainbat espazio eta jaialditan. Aurreko zortzi deialdietan, guztira, 631 artistaren 878 inskripzio jaso dira. Urtea amaitzen denerako, 8 edizioak kontuan hartuta, musikako 80 proiektu eta arte eszenikoetako 24 proiektuk jasoko dute laguntza. Guztira 104 proiektu izan dira; horietatik 62 Katapulta programak berak hautatu ditu, eta 42 Kutxa Kultur Musikak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kutxa Fundazioak tokiko talentuaren aldeko apustua egiten dute eta ekimen honekin sustatzen dituzte Gipuzkoako lurralde guztiko musika taldeak eta arte eszenikoetako konpainiak.

 

gipuzkoa.eus

  • Epea 2023(e)ko Azaroak 13(e)tik 2023(e)ko Abenduak 4(e)ra
  • EntitateaGipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa / Diputación Foral de Gipuzkoa, Fundación Kutxa
  • Zuzkidura400 euros por actuación
  • Deialdi-motaParte-hartzerako deialdia
  • SektoreaArte eszenikoak, Musika
  • JardueraZabalkundea
  • OnuradunakPertsona fisikoak, Pertsona juridikoak
  • Info Gehiago

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.