Bueltan da "Talde Gune?" Gasteizko musika-taldeei entseguak egiteko aretoak eskaintzea helburu duen ekimena
Izen-emate epea azaroaren 6tik 20ra bitartekoa izango da, eta hilaren 30ean egingo da zozketa
Lokalak erabiltzeko kostu sinbolikoa 2 eurokoa da orduko solisten kasuan, eta 3 euro/ordukoa taldeentzat
Gasteizko Udalak, Hezkuntza eta Kultura Sailaren bidez, diruz laguntzen ditu beren ekoizpenak sortzeko, entseguak egiteko eta grabatzeko espazioa behar duten hiriko musika-taldeentzako entsegu-aretoak.
Programa lokalen jabea den enpresarekin, Talde Gunerekin, elkarlanean bideratzen da eta bi lokal prezio sinbolikoan erabiltzeko aukera eskaintzen du Sailak emandako % 60ko dirulaguntzari esker. Solistek orduko 2 euro ordaindu behar dituzte, eta taldeek, aldiz, 3 euro orduko. Bi aretoek ekipo teknikoa dute eta, haietako batek, gainera, bateria akustiko osoa.
Aretoak erabiltzeko ordutegia zozketa bidez esleitzen da eta beharrezkoa da horretarako izena ematea. Izena emateko epea azaroaren 6tik 20ra bitarte egongo da zabalik eta zozketa azaroaren 30ean egingo da. Aukerarik gabe geratzen direnak edo eskuragarri dauden ordutegiak egokiak iruditzen ez zaizkienak itxarote-zerrendan geratuko dira.
Programan izena emateko aukera izango dute bi kidek edo gehiagok osatzen dituzten musika-taldeek edo banaka izena emandako pertsonek, baina taldeek lehentasuna izango dute zerbitzua hobeto aprobetxatu ahal izateko. Aretoak gutxienez astean 2 orduz erabili ahal izango dira eta talde edo pertsona berak ezingo ditu modu jarraituan 4 orduz baino gehiagoz okupatu.
Talde Gune proiektua
Talde Guneren eta Kultura eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa 2015ean sinatu zuten eta, lehen edizio hartatik, arrakasta lortu izan du urtez urte. Iaz, adibidez, 47 lagunek eman zuten izena ekimenean (15 emakumezkok eta 32 gizonezkok) eta haien batez besteko adina 37 urtekoa izan zen. Era berean, nabarmendu beharrekoa da parte-hartzaileen heren batek 30 urte baino gutxiago zituela.


