Aitor Larrañaga: «Aurtengoan, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan, aurrera begira jarri gara, eta gaztetxoen antzerkiari protagonismo berezia eman nahi izan diogu»
Iaz, 40. urteurrenaren harira, iraganera begiratu ostean, biharko antzerkigileei eta antzerkizaleei begira jartzea erabaki dute aurten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek. Azpeitiko Udalak, Kulturaz kultur kooperatibaren laguntzarekin, egitarau zabala prestatu du azarorako. Guztira, dozena bat emanaldi baino gehiago izango dira Azpeitian azaroaren 2tik 23ra, konpainia ezagunenak, talde amateurrenak zein lehen urratsak egiten ari diren gazteenak, denak euskaraz: Hondamendia, Troia, (H)ondoko gela... Gehiago jakiteko, Aitor Larrañaga kultura-batzordeburuarekin hitz egin dugu.
Urte berezia izan zen iazkoa Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketentzat: atzera begiratu eta egindako lana gogoratzeko eta herrian antzerkigintza sustatzen ibili direnei aitortza egiteko baliatu zenuten 40. urteurrena. Komunikazioaren esparruan ere jauzi nabarmena egin zenuten: webgunea, Wikipediako artikulua… Nola baloratzen duzue urte hauetan egindako bidea?
Urtez urte elementu berriak gehitzen goaz; zuek esan bezala, iazkoan komunikazio-esparruan jauzi bat eman zen, eta, bide batez, urte hauetan guztietan modu ezberdinetara antzerkigintza bultzatu eta landu dutenei aitortza egin zitzaien. Aurtengoan, aurrera begira jarri gara, eta gaztetxoen antzerkiari protagonismo berezia eman nahi izan diogu, herriz herriko gazteen antzerki-taldeak sustatzeko gure aletxoa jarriz, horiek izango baitira etorkizuneko antzerkigileak. Beraz, egiten dugun balorazioa baikorra da: 41. edizioa iritsi dira topaketak, eta aurrera jarraitzeko indarra eta baldintzak badaudela ikusten dugu.
(Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko kultura-batzordeburua)
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen erdigunean egon izan da beti euskara. Hori ez da aldatu. Baina urte hauetan guztietan aldaketak ere izango ziren, noski. Beharbada, hasierako helburuetan ere bai. Ala ez? Zer eman diete Topaketek euskarazko antzerkigintzari eta antzerkigileei 40 urteotan?
1983an topaketen lehen edizioa egin zenetik, bi helburu izan dira azpimarratzekoak; batetik, antzerkia bere maila zabalean bultzatzea, eta, bestetik, lan hori euskaraz egitea. Hainbeste urtean hainbat talde antzerkigintzan euskaraz aritzeak, etenik gabe, gure hizkuntzari balioa ematera bultzatu ditu belaunaldi berriak. Azken batean, antzerkiaren bidez euskara transmititzen da.
(Alegiko Intxaurre Antzerki Taldea, Bata zu ta bestea ni antzezten, 1983an)
Argi dago antzerkiak eta sormenak, oro har, leku nabarmena dutela Azpeitian. Gaztetxoen antzerki-tailerrak, mediazio- eta sentsibilizazio-saioak eta… Udalak eta Kulturaz kultur kooperatibak elkarlanean antolatzen dituzten sormen-egonaldiak. Zer dira, zehazki egonaldi horiek?
Bai, Kulturaz kultur kooperatiba eta Azpeitiko Udala elkarlanean aritzen dira antolaketan, eta sormen-egonaldiak ere horren adibide dira. Konpainia edo norbanakoen sormen-lanean oinarritzen da egonaldia, ideia pizten denetik obraren estreinaldira arteko lanketa izaten da egonaldi horien helburua, eta gorputzaren eta soinuaren eremuetan egiten da lan batez ere. Soreasu antzokian eta Dinamoa sormen-gunean burutzen dira estreinaldia egitera iritsi aurreko lanketak.
(Azaroaren 3an Hondamendia antzezlana ikusi ahal izango da Soreasu antzokian)
Eta horri guztiari berriki martxan jarri den Antzerki Sormen Laborategia gehitu behar zaio. Zer helburu ditu?
Bai, helduentzako Antzerki Sormen Laborategia jarri dute martxan Dinamoa sormen-gunean; urrian hasita, bederatzi hilabete iraungo du tailerrak, eta asteazkenetan eskainiko dira, Xanti Agirrezabalaga aktoreak gidatuta. Pertsona helduak antzerkira hurbiltzea izango du helburu.
Iaz iraganera begira jarri bazineten, aurten etorkizunera begiratzea erabaki duzue Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan, gaztetxoei zuzendutako eskola-antzerkia indarberrituta. Artista eta ikusle berriak bermatzeko, aparteko esfortzua egin behar al da transmisio-lanean? Zer prestatu duzue gaztetxoentzat 41. edizio honetan?
Dudarik gabe, artista eta ikusle berriak bermatzeko esfortzu berezi bat egin behar da transmisio-lanean. Horren harira, jada badugu martxan haurrentzako antzerki-eskola bat, eta 58 ikasle izango dira ikasturte honetan. Antzerkirako zaletasuna bultzatzea eta ekainean bi edo hiru antzezlan aurkeztea izango du helburu eskola horrek. Topaketetako eskola-antzerkiari dagokionez, berriz, egitarau oparoa antolatu dugu. Errezil, Azpeitia, Bermeo, Bilbo eta Amezketako LH1-LH6 arteko eskola-umeen antzezlanak, ipuin-kontaketak eta bestelakoak izango dira ikusgai.
(Azaroaren 23an Badon* obraren aurrestreinaldia hartuko du Soreasu antzokiak)
Guztira, dozena bat emanaldi baino gehiago izango dira aurten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Nola eman diozue forma egitarauari? Zer ikusi ahal izango dugu?
Denetarik ikusi ahal izango da aurten ere topaketetan: euskal konpainia ezagunenen nahiz talde amateurren lanak. Berrikuntza bezala, Badon* taldeak emango die bukaera Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketei. 2023-2024 Korrika Kulturalaren baitan landutako lanaren aurrestreinaldiarekin.
(Azaroaren 12an txotxongilo-sorkuntza tailerra egingo da Dinamoa sormen-gunean)
Urtero bezala, Corrado Masacciren txotxongilo-erakusketa ere ikusgai egongo da. Baina Kulturaz kultur kooperatibak eta TOPIC museoak hasitako elkarlanari esker, nobedaderen bat ere izango da aurten, ezta?
Txotxogiloek ere izaten dute tokia Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Azken urteetan bezala, Corrado Masacciren eskutik, erakusketa eta bisita gidatuak egingo dira ikastetxeekin. Berrikuntza bezala, TOPIC zentroaren eskutik erakusketak antolatuko dira Soreasuko sarreran ikuskizunak dauden egunetan. Txontxongilo-sorkuntza tailerra ere eskainiko da Kulturazekin elkarlanean, 6-12 urte bitartekoentzat azaroaren 12an, Dinamoa sormen-gunean.
(2023ko urriaren 31n argitaratutako Berezia)


