Ireki dute Omako Baso berria

  • Ireki dute Omako Baso berria

Agustin Ibarrolaren lana oinarri duen aire libreko artelana leku berri batera egokitu dute, Kortezubin bertan. Bisitak egin ahal izateko erreserba egin behar da aurrez.

Martxan da Agustin Ibarrola pintore eta eskultore basauritarraren lana oinarri duen Omako Baso berria; Ibarrolak berak margotutako zuhaitzekin egindako aire libreko artelanaren jarraipena, lekualdatuta.

Aldundiak jakinarazi duenez, arte garaikidean eta baso-artean adituak diren pertsona talde baten babesarekin lortu da babesa kokapen berrira lekualdatzea, eta emaitza Omako baso jasangarriagoa, osoagoa eta artistaren ideiarekin leialagoa omen da.

Kortezubin bertan dago "museo" berria, hau da, jatorrizko Omako Basoaren ondoan, baina lehen ez bezala, aurrerantzean aurrez erreserbak egin beharko dira bisitatu ahal izateko (bizkaia.eus/eu/omako-basoa).

Santimamiñeko arreta-gunean baliozkotu behar da sarrera, erreserbatutako ordua baino ordubete lehenago, handik basoraino 50 bat minutuko distantzia baitago oinez. Santimamiñera iristeko, eta Santimamiñeko aparkalekuaren mugak aintzat hartuta, azarotik aurrera autobusak jarriko dituzte Gernika-Lumoko autobus geltokitik.

Bisita gidatuak larunbatetan izango dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz, eta 10 euroko kostua izango dute. Hala ere, larunbata ez diren data seinalatu batzuetan ere eskainiko dira bisita gidatuak.

 

eitb.eus

  • DataUrriak 27
  • Gaia Ikusizko arteak