GazteARTEan Fest jaialdiaren hirugarren edizioan, Zabaltza plazak musikaz eta dantzaz gainezka egingo du

  • GazteARTEan Fest jaialdiaren hirugarren edizioan, Zabaltza plazak musikaz eta dantzaz gainezka egingo du

Gaur Zabaltza plazan emandako prentsaurreko batean, Irungo Udaleko Gazteriako ordezkari Nuria Alzagak, STR musika taldeko kide Danae Riaño eta Lander Camposekin batera, GazteARTEan FEST jaialdiaren hirugarren edizioa iragarri du. Aurtengo edizioa datorren larunbatean izango da, hilak 28, Zabaltza plazan bertan.

Horrela, larunbat osoan zehar, gazteek inoiz ez bezalako programazio bereziaz gozatu ahalko dute. 11:00etan hasiko da, Daniela Blasco dantzariak emango duen dantza masterclass batekin, eta arratsaldean segituko du, 18:15etik 21:15era bitartean, etenik gabe, Eusko, STR, J Martina eta beste artista eta musika talde batzuen kontzertuekin. Aurten, Nikone rap kantaria izango da kartelburua: berak emango dio amaiera jaialdiari, bikainki eman ere, 21:15etik aurrera. Jarduera horiek guztiak gazteentzat izango dira, eta doakoak izango dira.

GazteARTEan FEST Gazteria Arloak 2021ean sortu zuen lan ildo baten parte da. Alde horretatik, lan ildo horrek zenbait helburu ditu, hala nola 16 urtetik 25 urtera bitarteko gazteen gustu eta interesak kontuan hartuz aisialdirako proposamen bat eskaintzea, tokiko artista hasiberriei agertokietan lehen pausuak ematen laguntzea eta kulturarekin eta aisialdiarekin lotutako proposamen interesgarrien bidez hirian erreferentziazko espazio eta ekipamenduak sortzea, non gazteek lekua izan dezaketen.

Gazteriako ordezkari Nuria Alzagak nabarmendu duenez, "Udalak kultur arloko eta aisialdiko programazioa herritar guztientzat izan dadin lan egiten jarraitzen du; bereziki, gazteentzat. Horren adierazgarri, GazteARTEan Fest ekimena: Irungo gazteek dibertitu eta beren artista eta musika talderik gogokoenez gozatu ahalko dute".  

Hona hemen larunbaterako programatutako jardueren egitaraua:

Urriaren 28a, larunbata

  • 11:00-12:30 –> DANIELA BLASCOREN DANTZA MASTERCLASSA
  • 18:15-18:30 –> EUSKO
  • 18:30-18:45 –> AMANE AREA
  • 18:45-19:45 –> STR
  • 19:45-20:00 –> DJ UNAI RIBERA
  • 20:00-21:00 –> J MARTINA
  • 21:00-21:15 –> DJ UNAI RIBERA
  • 21:15-22:30 –> NIKONE

"Erritmo handiko" kartela

DANIELA BLASCOREN DANTZA MASTERCLASSA: Daniela Blasco dantzari profesionalak Espainiako eta nazioarteko akademietan ikasi du. Justin Bieberren dantza taldeko kidea izan da, eta, 13 urte zituenetik, dantza eskoletan klaseak eman ditu, eta txapelketetan epaile aritu. Hip-hopa, reggaetona eta musika komertziala lantzen ditu, besteak beste, eta, aurtengo apirilean, bere lehenengo singlea argitaratu zuen: Sin mí.

EUSKO: Gitarra jotzeko zaletasunari esker, Eusko Alberdik bere musika ezaupideetan sakondu eta musika munduko joera berriak deskubritu zituen. Artista gazte hau duela zenbait urte hasi zen gitarra jotzen, eta, denborarekin, bere logelan kantatzen ere hasi zen, gustatzen zitzaizkion artistak bezala.

AMANE AREA: Artista gazte hau 14 urte zituela hasi zen gitarra jotzen, osabaren laguntzarekin, eta, pixka bat geroago, kantatzera ere animatu zen.

STR: Talde bizkaitar hau Donostian sortu zen, 2019an, eta bost taldekideek, Danae Riaño irundarra dutela buru, trapetik gertu dauden pop soinuak sortzen dituzte, melankolia, desamodioa eta gaua hizpide hartuta eta queer ukitu bat emanda. Denbora gutxian, pop ireki eta koloretsuagoa lantzen hasi dira, konplexurik gabea.

DJ UNAI RIBERA: 23 urteko donostiar honek bere DJ hastapenak eta unibertsitate mailako ikasketak uztartzen ditu, eta, agertokian, jaia guztiontzako espazio seguru eta erosoa izan dadin aldarrikatzen du.

J MARTINA: J Martina pop elektronikoa lantzen duen talde gazte bat da. Javier Jorajuriak eta Kattalin eta Ane Bárcena ahizpek osatzen dute, eta haien arteko konplizitatea, soinu garaikideen bilaketa eta artearekiko harremana nabari zaizkio.

NIKONE: Diego García Andanuche "Nikone" idazketak eta musikak liluratuta egon da txikitatik, eta rapak barrena lasaitzeko eta bere musikari hitzak jartzeko balio izan dio. Horrela, auzoan kantatzen eta ahal zuen bataila guztietan parte hartzen hasi zen. 2013an, bere bakarkako lehenengo lana kaleratu zuen, Pa qué, eta, ordutik, gero eta ezagunagoa da; hainbesteraino, non bere belaunaldiko artista berririk onenen artean sartzen duten.

 

 

irun.org

  • DataUrriak 17
  • Gaia Musika