Itziar Manerok "Memoria" antzezlana aurkeztuko du Pabellón 6en
Emanaldiak urriaren 21ean eta 22an izango dira
Itziar Manerok oroitzapenari eta oroitzapenaren galerari buruzko pieza dokumental bat dakarkigu, hurbilekoa duen kasu batetik abiatuta: bere amonaren kasutik, alegia. Muntaia esperientzia pertsonal horretatik abiatuta sortu da, eta dokumentazio lan bat gehitu zitzaion, elkarrizketa moduan. Artistak landu nahi zuen gai nagusia oroimena zen, baina prozesuan zehar, beste gai batzuek protagonismo handia hartu zuten, hala nola zaintzak eta belaunaldien arteko elkarrizketek.
“Gaur egungo gizon-emakumeok, gure amonengandik eta zainketatik asko dugula ikasteko iruditzen zait. Indarra ez dago hain lotuta zahurgarritasunari eta ahultasunari, baizik eta zaurgarritasuna eta ahultasuna dira indartsu egiten gaituztenak.
MEMORIA oroimenari eta haren galerari buruzko antzezlana da. Amona baten oroimena erregistratzeko ahalegina. Denboraren eta gaixotasunaren aurkako partida bat. Ahaztearen aurkako erlojupeko bat. Baina amona baten eta bilobaren arteko topaketa bat ere bada. Amonaren oroitzapenak desagertu baino lehen, elkarri galderak egiteko, elkar ezagutzeko, zaintzeko eta agur esateko saiakera bat da.
Itziar Manerok, bere bakarkako lehenengo lanean, hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu: Zer gertatzen da pertsona batek oroimena galtzen duenean? Nora doaz haren oroitzapenak? Zerekin geratzen gara ondorengoak?
Sortze-prozesua 2019an hasi zen, amonari elkarrizketak egitea proposatu zionean. Grabazio-ordu horiei beste profesional batzuei egindako elkarrizketak gehitu zitzaizkien. Behin grabaketak antolatu eta aztertu ostean, Silvia Larraurirekin batera dramaturgia sortu zuen, eta bertan testu propioak sartu zituzten. Argiztapenaz José Antonio Villegas arduratu da; eszenografiaz eta jantzietaz Paola de Diego; musika Asier Renteriak egin du eta ikus-entzunezkoak Ekhi Hontecillasek. Antzezlanak Itxaso Aranaren aholkularitza artistikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren, Harrobia-Eskenaren eta Garaion Sorgunearen babesa izan ditu.
Emanaldiak urriaren 21ean eta 22an izango dira gaztelaniaz, larunbatean 20:00etan eta igandean 19:00etan. Sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragarri.
Itziar Manero
Itziar Manero aktore eta sortzaile eszenikoa da. Aktore gisa antzerki konpainia ezberdinekin egin du lan, La Tristura, Pont Flotant, Sleepwalk Collective eta Grumelot esaterako. Zineman "Las chicas están bien" (Itsaso Arana, 2023) pelikulan ikusi genezake eta telebistan "Días mejores" eta "Itxaso" serieetan. Sortzaile moduan, Quemar las Naves eta Aves Migratorias kolektiboetan egin du lan. MEMORIA da haren bakarkako lehenengo lana.


