Euskarazko milaka ahots biltzeko helburu duen kanpaina abian da
"Batu ditzagun gure ahotsak" lelopean, kanpainak herritarrei dei egiten die gaitu.eus atarian sartu eta euren ahotsa grabatzeko teknologia berriei euskara irakasteko
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sustatutako kanpaina da
Egungo teknologiek testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen ditu eta euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, GAITU izeneko kanpaina jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko. "Batu ditzagun gure ahotsak" lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie beren ahotsa grabatzeko eta horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko. Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala.
Kanpaina honen berri gaur goizean eman da Donostia/San Sebastián-eko Tabakalera zentroan antolatutako ekitaldi batean. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Bingen Zupiria; Nafarroako Gobernuko Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria Ana Ollo eta teknologia berriekin eta euskararekin zerikusia duten eragileak izan dira, besteak beste, Librezaleak edota Bagera elkarteko kideak.
Bingen Zupiria sailburuak aipatu duenez, hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan eta “euskara guk geuk sartu behar dugu mundu digitalean”. Horixe da, hain zuzen, GAITU kanpainaren helburua, milaka ahots, milaka grabazio ordu euskarazlortzea.


