Néstor Basterretxearen familiak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoari eman dio artistaren artxibo pertsonala

  • Néstor Basterretxearen familiak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoari eman dio artistaren artxibo pertsonala

ARTIUM MUSEOA ARTISTAREN ONDAREA KATALOGATZEN ARI DA. ONDAREAK 5.000 OBJEKTU BAINO GEHIAGO DITU PROIEKTU ARTISTIKO, ZIRRIBORRO, IDATZI, GUTUN, GIDOI ZINEMATOGRAFIKO, PRENTSA-ZATI ETA DISEINU-LANEN ARTEAN

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, eta Néstor Basterretxearen familiak artistaren artxibo pertsonal zabalaren dohaintza adostu dute. Artxibo horrek 5.000 dokumentu baino gehiago ditu, tartean, besteak beste, Biok altzari modernoen diseinu-enpresaren inguruko objektuak, proiektu artistikoak, zirriborroak, idatziak, gutunak, gidoi zinematografikoak, prentsa-zatiak eta materialak. Basterretxearen irudia —eskultore, margolari, diseinatzaile eta zinemagilea—, funtsezkoa da XX. mendeko Euskal Herriko artearen praktikan. Artium Museoko Dokumentazio Zentroan egiten den katalogazio-lana funtsezkoa da memoria zaintzeko eta dokumentu-ondarearen bidez euskal artisten irudien inguruko ezagutza sortzeko.

Néstor Basterretxearen (Bermeo, 1924-Hondarribia, 2014) dokumentu-funtsak, Basterretxea Irurzun familiak emanak, artistaren artxibo pertsonal osoa biltzen du, eta haren ibilbide artistiko eta sortzailearen aniztasunaren berri ematen duten askotariko materialak gordetzen ditu. Artistaren eskuz idatzitako eta mekanografiatutako testuek, gidoi zinematografikoen proposamenek, erakusketen liburuxkek, korrespondentziak, hainbat proiekturi buruzko dokumentazioak, argazki ugarik eta 1950az geroztik Basterretxearekin zerikusia duten prentsa-artikuluek osatzen dute ondarea.

Dokumentu horien artean honako hauek aurki daitezke: Biok lantegirako egindako altzarien diseinuak; Pelotari (1963), Ama Lur (1966-1968), Alquézar (1965) edo Artea eta kulturak Amerika prehispanikoan (1988-1992) filmetako lan-materialak, bai eta egin gabeko proiektu zinematografikoak ere; hainbat arte-proiekturen zirriborroak, hala nola Arantzazuko kriptako margolanenak eta La olaLa paloma de la paz o Urbide eskultura publikoenak; bere familia- eta arte-bizitzari, munduaren eta gizakiaren ikuspegiari eta kulturako beste artista eta pertsona ospetsu batzuei buruzko gutunak eta idatziak; eta proiektu arkitektonikoei buruzko hainbat dokumentu, hala nola Lemoizko zentral nuklearrari buruzkoa. Nabarmentzekoa da Oteizari buruzko dokumentu-bolumen handia, agerian uzten baitu bien arteko harreman pertsonal berezia.

Material horietako batzuk ikusgai daude gaur egun Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2002), erakusketan, hainbat margolan eta marrazkirekin eta Operación H (1963) film esperimentalarekin batera.

Jarraitu irakurtzen


  • DataIrailak 29
  • Gaia Ikusizko arteak, Museoak