Michel Gaztambide: «Ericeren zineak errespetua, zorroztasuna, jakintza, exijentzia eta askatasun baldintzagabea ditu»
Michel Gaztambide gidoilariak Cerrar los ojos Victor Ericek hogeita hamar urtean zuzendutako lehen film luzea idatzi du gaur Donostia saria jasoko duen zuzendariarekin batera
Michel Gaztambide gidoilariak (Apt, Frantzia, 1959) harreman luzea du Donostiako Zinemaldiarekin, gaur azken-aurreko eguna duen zinema jaialdiarekin. Zinemarako idatzi zuen lehen lana, Jose Antonio Vitoriarekin batera idatzitakoa, Santa Cruz, el cura guerrillero (José María Tuduri), Zinemaldiaren Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuten, 1990ean.
33 urte geroago, Gaztambide etxeko jaialdira itzuliko da, 2012an ohorezko Zinemira saria eman zion horretara, zinemako gidoigile lanean ibilbide oparo eta prestigiotsua duela (besteak beste, Julio Medem, Enrique Urbizu, Jaime Rosales eta Jaume Balagueró zinemagileekin egin du lan) eta besapean lan berri bat dakarrela. Cerrar los ojos film luzea idatzi du Víctor Erice lan horren zuzendariarekin batera, eta gaur izango da pelikula ikusgai Donostian, Ericeri Donostia saria emateko galan. Zinemaldiaren sari gorena jaso duen lehen euskal zinemagilea izango da Erice.
Gaztambiderekin hitz egin du EITBk pelikulaz, Ericeren zinemaz eta gidoigintzaz.
Zer esanahi du zuretzat lana Zinemaldian erakusteak? Denbora honetan, zertan aldatu da pantaila gainean istorioak kontatzeko lana ulertzeko duzun modua?
Zinemaldian, pantailaren bi aldeetan egoteko zoriona eduki dut. Ia beti eserlekutik bizi izan dut, ikusle gisa, denbora gehiago baitaramat zeregin horretan, eta zenbaitetan pantailan, nire parte-hartzea izan duten pelikulak erakutsi direnetan.
Oraingoan, badago erantzukizun osagarri eta oso bizigarri bat, kilika bat, ikara bat, batez ere, nire lehenengo Zinemaldiez gogoratzen naizenean, inoiz talde honetako kide izatera iritsiko nintzela burutik pasatu ere egiten ez zitzaidanean.
Ustekabea ere bada, neurri batean, eta harrotasunerako arazoi txiki bat, puntu honetara helduta norberak zinema egiteko abentura honetan parte hartzen jarraitzen duela ikusita.
Aldatu denari dagokionez, zerbait ikasi dudalakoan nago.
Nola jaio zen Cerrar los ojos? Noiz eta nola iritsi zitzaizun Ericek asmatutako argumentua?
Esaten duzun bezala, proiektua Víctor Ericerena da. Pelikularen zirriborro oso garatu bat bidali zidan 2021eko apiril edo maiatzean.


