Josu Martinez: "Euskara jendearen XX. mendea kontatu nahi izan dut"
Eskaintza bikoitza dakar Josu Martinez zinemagileak Donostiako Zinemaldira, Zinemira sailera: "Bizkarsoro" euskararen galtze "programatu eta planifikatuari" begiratzen dion film kolektiboa eta Jon Mirande idazlearen erretratu bat.
Josu Martinezek eta Donostiako Zinemaldiak luzatu egingo dute, aurten, aspaldidanik lotzen dituen harremana. Martinezek 2009an aurkeztu zuen bere lana lehenengoz zinema jaialdian (Itsasoaren alaba), eta 1986an Bilbon jaiotako zinemagile eta ikertzailearen hainbat lan gehiago aukeratu dituzte harrezkero Zinemaldian proiektatzeko.
Aurten, bi lan aurkeztuko ditu Josu Martinezek Donostiako Zinemaldian, Zinemira euskal zinemari eskainitako sailean, Irizar sarirako lehian gainera. Bata Bizkarsoro da, Baigorrin jasotako eta bertako herritarrekin auzolanean pantailaratutako bost istorio global biltzen dituen film luzea, zeinak hizpide baitu 1914tik 1982ra Euskal Herriko herri txikietako biztanleen ahotan euskara nagusi izatetik erdara nagusitzera izan zen lerratzea.
Horrez gain, Mirande. Film bat egiteko zirriborroa lana ere aukeratu du Zinemaldiak, aurtengo edizioan erakusteko. Jon Mirande idazlearen bizitzan eta literaturgintzan sakontzen du Josu Martinezen film horrek, idazlearen esanen (Peio Berterretxe aktoreak biziberritzen du) eta hainbat aditu (Joseba Sarrionandia, Itxaro Borda, Amaia Elizalde…) eta senideren lekukotasunen bidez eta haren jarrera nazizaleari itzuri egin gabe.
Martinezekin hitz egin dugu.
Bi film besapean dituzula iritsi zara aurten Donostiako Zinemaldira. Nolakoa izan da bi lan hauek sortzeko eta egiteko prozesua?
Bi lanen garapena oso diferentea izan da. Bizkarsoro herri proiektu bat da, berezia mamian, baina baita forman ere. 2018tik, zatika joan gara osatzen, urtero atal bat eginez.
Mirande-ren kasuan, berriz, filma aspalditik genuen bukatua. Hasieran, nire asmoa joan den urte hondarrean estreinatzea zen, orduan bete baitziren 50 urte Jon Mirande hilik agertu zela, Parisko bere apartamentuan. Baina Zinemaldiko zuzendaritzako kideek ikusi zuten, asko gustatu zitzaien eta esan ziguten interesatuta zeudela filmarekin. Hala, erabaki genuen orain arte zain egotea estreinatzeko.
Harreman sendo eta zaharra duzu Donostiako Zinemaldiarekin. Zer funtzio betetzen du Zinemaldiak euskal zinemagintzan eta euskal zinemaren industrian?
Arrazoi duzu, bai. 2009an egon nintzen lehen aldiz, Itsasoaren alaba dokumentalarekin, eta, ordutik, hamar film aurkeztu ditut bertan, oker ez banago. Egia esan, ni ez naiz oso festibalzalea, sarao eta horrelakoetan ibiltzekoa, baina lan bat bertan aurkezteak, dudarik gabe, ikusgarritasun handia ematen dio zure filmari; bereziki, nik bezala film ttipiak egiten ditugunontzat aukera ederra da.
Zentzu horretan, xantza handia da Euskal Herrian halako zinemaldi handi bat izatea eta lurraldeko sortzaileen lanarekiko sentsiblea izatea.
Hala ere, pentsatzen dut badagoela suerte horretan nolabaiteko tranpa bat ere. Esan nahi dut: urtean astebetez, ematen du mundu guztia izugarri zinemazalea dela eta mundu guztiak ikusi nahi dituela filmak, eta gero, urte osoan zehar, erabat desagertzen da hori, zeresanik ez euskarazko lanekin.
Durangoko Azokarekin gertatzen den bezala, urteroko dosia dela ematen du. Jainkoak libra gaitzala itxurakerietatik.
Nola bizi izaten duzu Zinemaldia, bertan filmen batekin parte hartu zein ez, eta nola bizi nahiko zenuke aurtengoa?
Nire filmen aurkezpenetara joango naiz, besterik ez. Bestela ere, badut aski lan, aita lanetan eta EHUko irakasle lanetan.
Nolanahi, gogoa dut, noski, estreinaldi momentu hori jendearekin bizitzeko. Bizkarsoro filmarentzat, adibidez, jende andana etorriko da Baigorritik, gaitero eta guzti... Eta herritarrekin momentu hori partekatzea ederra izango da.


