Imanol Larrañaga, "Euskara ala ezkara" ekimenaren koordinatzailea: «Elgoibarri lotutako gaiak Euskal Herri osora zabaldutakoekin tartekatzen ditugu»
2008an jaio zen, Elgoibarren, "Euskara ala ezkara" egitasmoa, euskararen lurralde guztietako errealitateei lekua egiteko asmoz. Aurten, literatura ardatz izango duen jardunaldia prestatu dute Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak urriaren 7rako, jende ezagun askoren parte-hartzearekin. Izarra Euskaltzaleon Topaguneko langilea eta "Euskara ala ezkara" ekimenaren koordinatzailea da Imanol Larrañaga; berak eman dizkigu proiektuaren inguruko xehetasunak.
Zer da "Euskara ala ezkara" ekimena? Zer helbururekin jaio zen?
2008an hasi ginen "Euskara ala ezkara" zikloa antolatzen, Gotzon Garate (Elgoibar, 1934-2008) idazle eta euskaltzale nekaezinaren oroimenez; berari irakurri genion "euskara ala ezkara" esaera. Elgoibartarrok euskaldun moduan ahalduntzea izan zen ekimenaren helburu nagusia lehen hamar urteetan; euskaltasunean jakintza sustatu eta konfiantza hartzea, norbanako eta hizkuntza-komunitate moduan ahalduntzeko helburuarekin. 2018an, baina, Euskal Herri osora zabaldutako jardunaldiak antolatzen hasi ginen, gure eragin-eremua ez dugulako Elgoibarrera mugatu nahi.
Kulturgintza izan zen 10. urteurreneko gaia, 2018an. Orduan, Lorea Agirrek esan zuen kultura, balio gorena aitortuta ere, praktikan, elementu dekoratibo gisa erabiltzen dela, balio materialen azpian jartzen delako. Nabaritzen al da aldaketarik azkenaldian kulturaren balioari dagokionez?
Ez dugu uste egoera asko aldatu denik. Kultura, kasu askotan, zerbait "polita" da, baina gero, egiaren orduan, ez zaio ematen herri baten konfigurazioan daukan garrantzia. Pandemia garaian, adibidez, argi ikusi zen zeintzuk ziren lehentasuna duten sektoreak; arlo kulturala zeharo baztertuta eta ahulduta geratu zen. Kulturak zerikusi zuzena dauka komunitatearekin, eta komunitatea ahultzen bada, jendarte indibidualistak nagusitzen badira, kultura zailagoa da. Gure kasuan, gainera, hori areagotu egiten da, hizkuntza eta komunitate zapalduak dauzkagulako. Euskaldunontzat kulturak balio eta garrantzi bikoitza dauka, baina, aldi berean, existitzeko zailtasuna ere bikoitza da.
Urte hartan, zeresan handia eman zuen Harkaitz Canoren "Azken aurreko manifestua"-k. Umorea baliatu zuelako-edo, jende askorengana iritsi zen. Pozgarria izango da, ezta, "Euskara ala ezkara" jardunaldien oihartzuna esparru zabalagoetara hedatzen dela ikustea?
Bai, ederra izan zen Harkaitzen manifestua Elgoibartik Euskal Herrira zelan zabaltzen zen ikustea. Sarean bisita pila bat izan zituen, eta gurean irakurri ondoren, badakigu Donostian, Bilbon eta Larrabetzun ere irakurri zuela manifestua. Gainera, musikarekin lagundutako beste irakurraldi batzuk ere egin ziren han eta hemen. Manifestuaren hirugarren atala -denok ikasi beharreko ehun hitzei lotuta dagoena-, gaztelaniazko azpitituluekin ere jarri zuten sarean. Izugarria izan zen.
Azken edizioetan ingurune digitala, euskaldun identitateak eta kirola izan dituzue hizketarako gai. Zeren arabera aukeratzen dituzue gaiak? Nola baloratzen duzue orain arte egindako bidea?
Gaiak proposatu eta erabakitzen dituen batzorde txiki bat daukagu. Gaiak mahai gainera bota eta saiatzen gara guretzat eta jendearentzat interesgarriak direnak aukeratzen.
Gai guztiek ez dute arrakasta bera izaten, baina, oro har, pozik gaude orain arte egindako bidearekin. Elgoibarri lotutako gaiak Euskal Herri osora zabaldutakoekin tartekatzen ditugu, eta orain arte oso ondo erantzun du jendeak. Antolakuntza-lanak alferrik dira gero jendeak erantzuten ez badu.
Aurten literatura izango da protagonista. Zein dira "Euskara ala ezkara Literaturan?" jardunaldian planteatuko diren galdera nagusiak? Zer prestatu duzue, zehazki, urriaren 7rako?
Zelakoa da euskal irakurlea? Zein gara eta zenbat? Zelakoa da gure lengoaia literarioa? Nondik edaten dugu? Zer itzultzen dugu eta zer ez? Zergatik? Nola sortzen da irakurlea? Zelan ematen da literaturzaletasunaren transmisioa? Nork-Nori-Nork?
Galdera horiei erantzuten saiatuko gara euskal literatura hobeto ezagutzeko helburuarekin. Eta horretarako, besteak beste, bi testuren irakurketak, aurkezpen bat, bi mahai-inguru eta meza santua izango ditugu. Finean, euskal literaturaren munduarekin gozatu eta euskalduntasunari hainbeste ematen dion atal hau hobeto ezagutzeko antolatu dugu aurtengo jardunaldia. Urtero moduan, pintxo-bazkariarekin emango diogu amaiera jardunaldiari.
Galdera potoloei erantzuna bilatzen saiatu ondoren, eta pintxo-bazkariari ekin aurretik, meza izango da, Uxue Alberdirekin eta Iban Urizar "Amorante"-rekin. Bekatuak aitortzeko izango da? Ala, hobeto, erregu egiteko?
Meza izango da, 20 minutuko meza, eta bertan aitortuko dituzte haien bekatuak Uxuek eta Amorantek. Eta errezatu behar bada, haien errezo paganoak ere egingo dituztela esan digute, baina ez digute beste ezer aurreratu nahi.
Orain arteko ezagutza www.euskaraalaezkara.eus webgunean dago jasota. Pentsamendua pilatu eta, batez ere, zabaldu ere egin behar da? Zer topatuko du jendeak bertan?
Elgoibarren urtero sortzen dena jendearen eskura lagatzeko sortu genuen www.euskaraalaezkara.eus webgunea. Elgoibarren esandakoak betiko gorde eta, nahi duenak, bertatik edateko. Webgunean, besteak beste, euskalgintzako eta kulturgintzako erreferenteak diren hamaika lagunen hitzaldien bideoak eta kronikak topatuko ditugu. Ikastaroen laburpenak ere badaude, eta baita ikerketa-lanen emaitzak ere. Denetik dago. Irakurtzeko, ikusteko eta entzuteko kontu interesgarri asko. Gure herria hobeto ezagutu, euskalduntasunean jantzi eta euskaldun moduan ahalduntzeko oso material baliagarria daukagula esango nuke. Baina onena, webgunean sartu eta han dagoena norberak deskubritzea da.
Eta aurrera begira, zuen ustez, zer erronka nagusi ditu euskarak? Eta "Euskara ala ezkara" ekimenak?
Mende asko daramagu euskaldunok munduan, eta hori bera mirari txiki bat ere bada, baina ezin dugu beti eusten jarraitu. Euskaldunon ametsa zein den adostu, eta ametsa betetzeko estrategiak eta politikak erabaki beharko genituzke.
Euskara ala ezkarari dagokionez, Elgoibartik egiten eta eragiten jarraituko dugu. Saiatuko gara euskalgintza eta kulturgintza aitortzen, jardunaldiak ondo antolatzen, egiten duguna serio hartzen, eta edukiak sortu eta jendeari eskaintzen. Euskalgintzako eta kultur munduko jendea gurera gonbidatu eta pentsatzen jarriko dugu, haiek entzuleei zer pentsatua eman eta norabideak marrazteko.
(2023ko irailaren 22an argitaratutako Berezia)


