"Kontzertua & Proiekzioa" Belodromoan irailaren 23an
Zinemaldiaren 71. edizioan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak.
Zinemaldiko lehen larunbatean eguerdian irekiko da Belodromoa musikazale, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako.
Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta laurdenez, larunbatean, irailak 23, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Zinemaldiaren 71. edizioan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. Ohikoa den moduan, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa musikazale, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta laurdenez, larunbatean, irailak 23, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotuta dago Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenatoki gogokoena da dudarik gabe, 3.000 plazako edukieraz. Aurtengoan Juan Jose Ocon donostiarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna zine eta soinu-banden elkartze jendetsu honetan.
Aurtengo Kontzertua & Proiekzioa sei filmetarako musikaren egokitzapenez osatzen da. Oraingo honetan hautatutako musikagile eta filmak honakook dira: Ivan Palomaresen Las niñas de cristal; Victor Reyesen Love gets a room; Julio de La Rosaren Modelo 77; Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Callejaren Irati; Paula Olazen Nora; eta Fernando Velazquezen Momiak.
Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestrak Oñatiko Ganbara Abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Las niñas de cristal, Love gets a room, Modelo 77 eta Irati filmen musikaren ahots-interpretazioan.
Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Morgancrea taldeak sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.
Sarrera doakoa da, eta nahikoa duzu gonbita irailaren 16tik 22ra Donostia Zinemaldiaren Kursaaleko informazio-puntuan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera.


