Victor Iriarte euskal zuzendariaren "Sobre todo de noche" filmak mundu mailako estreinaldia izango du Veneziako Zinemaldian
Bihar, abuztuak 30, emango zaio hasiera Veneziako nazioarteko zinemaldiari, eta bertan izango da Victor Iriarte euskal zuzendaria ‘Sobre todo de noche’ opera primarekin.
Giornate degli Autore sailean lehiatzeko aukeratua izan den lan honek Lola Dueñas, Ana Torrent eta Manuel Egozkue aktoreak ditu protagonista. Duero ibaiaren ertzean dauden bi emakumeren arteko topaketa azaltzen du. Vera (Lola Dueñas) gaztea zenean, ezin izan zuen bere semearen ardura hartu eta adopzioan eman behar izan zuen. Urte batzuk geroago, dena ondo atera ote zen jakin nahi izan zuen, eta erakundeek esan zioten ez zela bere espedienterik existitzen. Geroztik semearen bila jarraitzen du. Corari (Ana Torrent), medikuak esan zion ezin izango zuela seme-alabarik eduki eta familia bat osatzeko modu bakarra adoptatzea zela. Corak piano klaseak ematen eta 18 urte betetzear dagoen Egoz seme adoptatua zaintzen igaro du bere bizitza guztia. Orain, hiru pertsonaia hauen bideak -ama bat, seme bat, ama bat- gurutzatzear daude eta topaketa honek hiruen etorkizuna betiko aldatuko du.


