Joseba Intxausti euskaltzain eta historialaria hil da
Joseba Intxausti Rekondo (1936-2023) historialaria eta euskaltzaina hil da.
Eliz ikasketak eta Historia ikasi zituen Intxaustik eta ondare oparoa utzi du. 'Jakin' aldizkariko kidea eta UZEIren sortzaileetako bat izan zen, baita bietako zuzendari ere —1958tik 1964ra 'Jakin'en eta bost urtez UZEIn—. Horrez gainera, asko dira euskal historiari buruz idatzi zituen argitalpenak.
Aitzindaria izan zen euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, baina bereziki euskalgintzaren eremuan. Izan ere, Txillardegiren ildoan, euskara batuaren lehen oinarriak jartzen eta zabaltzen aritu zen.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961ean eta ohorezko euskaltzain 2004an. Gainera, Jakin Fundazioko ohorezko kidea da egun.
Guztira 37 liburu, ehundik gora liburu zati eta ia laurehun artikulu idatzi zituen Intxaustik 62 urtetan zehar; hots, 512 dira idatzi eta argitaratutakoak lanak.
Azken urteotan bi ikerketa-lerro nagusitan zegon murgilduta: batetik, euskararen historia sozialaren ikerketa sistematikoan Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta, bestetik, Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan.
Kike Amonarrizek Euskal Telebistako "Tribuaren Berbak" saioan elkarrizketatu zuen 2014an. 60ko hamarkadan euskaltzaletasunak izan zuen indarraz aritu zen.


