Chey Jurado, Estévez/Pańos, Jesús Rubio Gamo eta Filipe Moreira portugaldarra, Dantzaldia 2023ko izen nagusien artean
Dantzaldia 2023, Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXIV. edizioa, irailaren amaieran hasiko da eta dantza garaikidearen hamar bat hitzordu handi programatuko ditu Bizkaiko hainbat agertokitan abenduaren erdialdera arte. Egitarau osoa argitzeke dagoen arren, dagoeneko jakinarazi dira aurtengo karteleko artista nagusien izenak. Adibidez, urriaren 3an, Bilboko Arte Ederren Museoan (iaz estreinaldian ikusleek harrera ona egin ondoren, aurten ere jaialdiaren egoitza izango da), Chey Juradok, 2022ko Ojo Crítico Saria jaso berri duenak, eta Ertza euskal konpainia ospetsuak jardungo dute. Lehenengoak, Javito Mariorekin batera, "Samsara" pieza interpretatuko du. Bigarrenek "Otempodiz" taularatuko dute, Asier Zabaleta gipuzkoarrak Fenias Nhumaio eta Deissane Machava mozambiketar dantzarientzat egindako koreografia. Egitarau bikoitza izango da, doakoa (gonbidapenak jaso beharko diren arren), eszenatoki oso berezi batean: eraikin zaharreko hallean, Juan Muñozen 'Hanging Figures’ eskulturak bere sabai altutik zintzilik dituen hutsune handi eta garden horretan. Publikoa espazioan eta eskaileretan sakabanatuko da, dantzariengandik metro gutxira.
Ondoren, azaroan 11n, Guggenheim Museoa izango da Estévez / Paños y Compañíaren, 2019ko Dantzako Sari Nazionalaren, bisita jasoko duen agertokia. Oraingo honetan, Rafael Estévezek eta Valeriano Pañosek pieza laburren triptiko bat aurkeztuko dute, duela bi hamarkada baino gehiago konpainia gisa sortu zenetik egiten ari diren flamenko berriaren erakusgarri ezin hobea izango dena. Beraien antzinako sorkuntzak diren “Silencios” (2016) eta “Campanillero” (2021) interpretatuko dituzte, bai eta “Nondedéu” sorkuntza berria ere, joan den udaberrian Centre Pompidou Málagan estreinatu berria. Sarrerak laster egongo dira salgai pinakotekaren webgunean eta txarteldegietan.
Astebete geroago, Dantzaldia Bilbotik aterako da; izan ere, Barakaldo Antzokian (azaroaren 18an) "Acciones sencillas" lanaren estreinaldiaz gozatu ahal izango da Euskadin, egungo Europako irudi interesgarrienetakotzat jotzen den Jesús Rubio Gamo dantzari eta koreografo madrildarraren formatu handiko ikuskizun berria. Flamenko kutsua duen musikari buruzko dantza garaikideko pieza honen zerrenda zabalean bi presentzia nabarmenduko dira. Batetik, dantzarien boskotearen artean Olaia Valle bizkaitarra egongo da; bestetik, zuzeneko musika-laguntzako hirukotea Blanca Palomak zuzenduko du, Espainiak Eurovision jaialdian oraintsuen -joan den maiatzean- izan duen ordezkariak eta azken Benidorm Fest jaialdiko garaile handia. “Acciones sencillas” ikuskizunerako sarrerak salgai daude jada Barakaldo Antzokiaren webgunean eta txarteldegian. Rubio Gamok lotura berezia du Euskadirekin gaur egun; izan ere, aurten Kukai Dantzarekin ari da lanean, euskal konpainia ospetsuaren hurrengo ikuskizunean (2024an estreinatuko da "Txalaparta" izenburuarekin).
Dantzaldiaren nazioarteko presentzien artean, aurten, Portuges Filipe Moreira izango da. Urriaren 29an etorriko da "Escuta" piezarekin Dantzaldiaren antolatzaile eta programatzailea den La Fundición aretora. Moreirak biluzik jarduten du berak sortutako eta interpretatutako isiltasunari buruzko bakarlan honetan. Sarrerak laster egongo dira salgai Kutxabank sarean. 2023an jaialdiak baieztatuta dituen beste egoitza batzuk Rekalde Aretoa eta Azkuna Zentroa izango dira; azken honek ez du hitzordu bakarra hartuko, bi baizik, azaroan eta abenduan. Laster, xehetasun guztiak hemen: www.dantzaldia.org


