"Euskera ikerketa aldizkaria"k webgune propioa izanen du
Hainbat formatutan irakurtzeko aukera, egilearen gainontzeko artikuluetarako sarbidea eta aipuak egiteko modu ezberdinak dira irakurlearendako erabilgarritasun berriak, betiere aldizkariaren sarbide ireki eta doakoari eutsita
Gaurtik aurrera, Euskera ikerketa aldizkaria-k webgune propioa izanen du, Open Journal System (OJS) egituran txertatua. Bertan, aldizkariari buruzko informazioa kontsultatu ahal izango da, hala nola helburuak, politika editoriala, idazketa arauak, talde editoriala, argitaratu diren eduki guztiak eta abar. Ikerketa artikuluak argitaratzeko, Idazketa batzordeak, anonimotasuna bermatuz, kanpo ebaluatzaileen iritzia jasoko du PEER REVIEW itsu bikoitza sistema erabiliz. OJS sistemak erraztu egiten du aldizkariak datu-base eta bilaketa-motor desberdinetan indexatzea eta horrek areagotu eginen du aldizkariaren irisgarritasuna. Horretaz gain, artikuluei esleitutako metadatuei esker, edukiak errazago aurkitu eta berreskuratu ahal izanen dira. Era honetara, hemendik aurrera datu-base akademikoetan informazioa eguneratuta egongo da eta irakurlearen esperientzia aberasgarriagoa izanen da.
Euskera ikerketa aldizkariak bi zenbaki argitaratuko ditu urtero. Lehena, urtarrila-ekaina aldiari dagokiona, eta bigarrena, uztaila-abendua aldikoa. Ikerketa alorreko edukiak ohiko bizitza akademiko arloetatik (sarrera-hitzaldiak, agiriak, txostenak, adierazpenak, jardunaldiak,...) bereizteko helburuarekin sortu da Euskera ikerketa aldizkaria.
2023. urteko lehen zenbaki honetan euskal hizkuntzaren ikasketetan ikerlari esanguratsu hauek argitaratuko dituzte beren lanak: Andres Iñigo (euskaltzain emeritua), Jabier Kaltzakorta (Deustuko irakasle eta ikerlaria), Joseba Lakarra (UPV/EHUko katedraduna), Ekaitz Santazilia (Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlaria) eta Luis Mari Zaldua (ikerlaria).


