"De buenas a primeras" film laburra, UPV/EHUko ikasleek sortua, "Cantabria en Corto" lehiaketan aukeratua

  • Victoria Ladrón eta Josue Martínez filmaketan

Kimuak ekimenaren homologo kantabriarrak estatuko eta nazioarteko 200 jaialditan aurkeztuko du lana

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle Victoria Ladrónek, Alba Gómezek eta Josué Martínezek egindako De buenas a primeras film laburra Cantabria en Corto lehiaketarako aukeratu dute. Film laburrak sustatzeko programa kantabriar horrek Espainiako eta nazioarteko 200 jaialditan aurkeztuko du. Lana 48 ordutan filmatu eta editatu zen, jatorrian Zinebi Expréserako sortu baitzen, eta aipamen berezia jaso zuten bertan.

"Autoz egindako bidaia batean hizketan ari diren bi lagunen istorioa kontatzen du lanak; horietako batek senargaiarekin harremana utzi nahi du, baina ez daki nola egin, eta lagunak entzun eta aholkuak emango dizkio. Hala ere, publikoak espero ez duen ezusteko bat dago", laburbildu du Ladrónek. Alba Gómezekin batera zuzendu du filma, eta Josué Martínez arduratu da argazki zuzendaritzaz. 

Film laburrak Leku Films, Ladrónek eta Martínezek sortutako ikus-entzunezko ekoiztetxe independentearen zigilua darama. "Proiektua unibertsitateko lan gisa hasi zen, baina emaitza eta gure arteko harremana ikusita, aurrera jarraitzea erabaki genuen", azaldu du argazki zuzendariak. "Elkarrekiko konfiantzak eta kanpoko lanak proposatu izanak ekoiztetxea errealitate bihurtu zuen", adierazi du Martínezek. 

Horregatik, De buenas a primeras inflexio-puntu bat da, bai maila indibidualean bai ekoiztetxe gisa. "Karrera amaitu gabe Cantabria en Corto lehiaketarako hautatuak izatea harritzekoa eta harrotzekoa da", aitortu du zuzendariak. "Gainera, film laburraren banaketak erraztasun asko ematen ditu; izan ere, Bartzelonako Mecal Pro 2023 nazioarteko jaialdirako hautatu gaituztela jakinarazi berri digute", azaldu du Martinezek. 

Jarraitu irakurtzen

 

www.ehu.eus

  • DataUztailak 17
  • Gaia Ikus-entzunezkoa