Jaione Cambordak, Isabel Coixetek eta Isabel Herguerak Urrezko Maskorra irabazteko lehian parte hartuko dute Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean
Javier Ambrossi eta Javier Calvoren La Mesías telesaila Sail Ofizialaren parte izango da, lehiaketaz kanpo; Fernando Trueba eta Javier Mariscalen They Shot the Piano Player filmak, berriz, emanaldi berezi bat izango du Sail Ofizialaren barruan
Javier Maciperen bigarren filma, La estrella azul, New Directors sailerako aukeratua izan da
Datorren irailaren 22tik 30era bitartean Donostia Zinemaldiaren 71. Edizioko Sail Ofizialean, hala nola New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera sailetan eta Belodromoan ikusi ahal izango diren Espainian ekoitzitako 14 lanen (bederatzi film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail) izenburuen iragarpena hartu du gaur Madrilen Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak.
Jaione Camborda (Donostia, 1983) Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da bere bigarren film luzearekin, O Corno / The Rye Horn izenekoarekin –lehenengoa, Arima (2020), Made in Spain sailerako hautatua izan zen, Sevillan eta Gijónen saritua izan ondoren–. Filmak –galizieraz filmatua eta proiektu fasean zegoenean Ikusmira Berriak egonaldi programan parte hartutakoa– erditzeetan laguntzen aritzen den Maríaren (Janet Novás) istorioa kontatzen du. Gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko du.
Isabel Herguera (Donostia, 1961) artista bisuala, ekoizlea eta animaziozko zuzendaria da. Bere lanen artean, sari asko jasotako zenbait film labur nabarmentzen dira, esaterako: Kutxa beltza (2016), Amore d'inverno (2015), Bajo la almohada (2012), Ámár (2010) eta La gallina ciega (2006). Azken horrekin Goya sarietako animaziozko film labur onenaren sarirako hautagaia izan zen. Bere lehenengo film luzean, El sueño de la sultana / Sultana’s Dream izenekoan, Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin batean oinarritutako kontakizun bat aurkezten digu Herguerak. Kontakizun horretan, bere bizipenaz gain, emakumeek gobernatutako Ladyland mundu utopikoaren istorioa azaltzen digu.
Bestetik, Isabel Coixet (Sant Adrià de Besòs, 1960) lehen aldiz izango da Urrezko Maskorra irabazteko hautagaia, Un amor filmarekin. Sara Mesaren eleberri homonimoan oinarrituta dago eta Laia Costa du protagonista. Aktore taldeko gainerako kideen artean, Hovik Keuchkerian, Hugo Silva, Luis Bermejo, Ingrid García-Jonsson eta Francesco Carril daude. Coixetek Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehenengo filma, Demasiado viejo para morir joven (New Directors, 1988). Geroztik, Cannesen, Berlinen eta Venezian lehiatu da eta, beste sari askoren artean, sei Goya sari irabazi ditu. Donostia Zinemaldiaren aurreko edizioan, lehenengo aldiz hartu zuen parte Sail Ofizialean, El sostre groc / The Yellow Ceiling lanaren lehiaketaz kanpoko emanaldi bereziarekin. Film horrek RTVE-Beste Begirada saria jaso zuen eta Dunia Ayaso sarian aipamen berezi bat.
Halaber, Javier Ambrossik (Madril, 1984) eta Javier Calvok (Murtzia, 1991), «Los Javis» izeneko bikote artistiko ezaguneko kideek, La Mesías izeneko zazpi ataleko telesail batekin hartuko dute parte, lehen aldiz, Sail Ofizialean. Telesaila, thriller familiar gisa definitua, lehiaketaz kanpo emango da. Aktoreen artean, besteak beste, Roger Casamajor, Macarena García, Lola Dueñas, Carmen Machi, Ana Rujas, Albert Pla, Amaia, Biel Rossell eta Cecilia Roth daude. Ambrossik eta Calvok beste telesail arrakastatsu batzuk ere zuzendu eta/edo ekoitzi dituzte, adibidez: Paquita Salas (2016), La Veneno (2020) eta Cardo (2021). 2017an beren lehen film luzea estreinatu zuten Zinemaldian, La llamada, RTVE Galan.
Sail Ofizialean, gainera, Espainian ekoitzitako honako lan honen emanaldi berezi bat egingo da: They Shot the Piano Player, Fernando Truebak eta Javier Mariscalek zuzendua. Berriz ere elkarrekin lan egin dute, Chico & Rita filmarekin (2011) animaziozko film onenaren Oscar sarirako hautagaiak izan eta gero. Elkarlanean egindako animazio berri honetan Tenorio Jr. musikari brasildarraren figura aldarrikatzen dute, bossa nova deituriko musika-mugimenduaren hastapenen erretratua eginez. Filmeko narratzailea Jeff Goldblum da, eta artista askoren musika entzuten da, hala nola Caetano Veloso, Antonio Carlos Jobim, Joao Donato, Toquinho, Bill Evans eta Vinicius de Moraesena.


