Ertibil Bizkaiaren 41. edizioa Rekalde Aretoan hasiko da 18 artisten lanekin
Bilboko Rekalde Aretoan hasiko den erakusketa ibiltariak Getxo, Sestao, Balmaseda eta Barakaldo zeharkatuko ditu. Jon Ander García, Maider Aldasoro Diaz eta Ibai Madariaga Sagastizabal & Miel Oyarzabal dira ERTIBIL BIZKAIA 2023 erakusketaren deialdi berri honetako artista irabazleak. Inaugurazio-ekitaldia uztailaren 14an izango da, 19:00etan, Rekalde Aretoan, eta Ane Berganza jardungo du CLUB PSORIASIS x BERGISFLOW djse aurkeztuz. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, ERTIBIL BIZKAIA Ikusizko Arteen erakusketa ibiltaria Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da eta, ondoren, Getxo, Sestao, Balmaseda eta Barakaldoko udalerrietan zehar ibiliko da. ERTIBIL 2023ko artista irabazleek, Alazne Zubizarreta, Lucia Pedregal eta Mar De Dios, egoitza artistikoez gozatuko dute Japonian 2023ko uztailetik irailera.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak, Begoña de Ibarrak, artistekin batera, Ertibil Bizkaia ekitaldiaren erakusketa berria aurkeztu du gaur goizean Rekalde Aretoan.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen ERTIBIL BIZKAIA Ikusizko Arteen Erakusketa Ibiltariak Bizkaian lan egin eta bizi diren 18 sortzaile berriren lanak erakusten ditu eta Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da. Ondoren Getxo, Sestao eta Balmasedako udal erakusketa-aretoetan erakutsiko da, 2024ko urtarrilaren 5ean Barakaldoko Udal Erakusketa Aretoan amaitzeko.
ERTIBIL BIZKAIA 2023an saritutako artistak hauek dira: Jon Ander García, Maider Aldasoro Diaz eta Ibai Madariaga Sagastizabal & Miel Oyarzabal. Horien ondoan honako hauek daude: Imanol Abad Martínez & Imanol Expósito Delgado, Daniel Alegrete, Izaskun Araluzea Itza, Alejandro González Osés, Julene Gregorio Uriarte, Leire Lacunza Miranda, Ibon Landa Amutxategi, Idoia Leache Olagüe, Claudia Rebeca Lorenzo, Julen Martin Zaballa, Lugha Mathews Bouchard, Estela Miguel, Javier Ozcoidi, Ander Sagastiberri Fernández eta Amaia Santamaria Andres.
1983tik ERTIBILen helburua Bizkaian sormen-lana egiten duten artista berriei laguntzea eta horien obrak sustatzea da. Begoña de Ibarrak zehaztu duenez, "ERTIBILek Bizkaiko gaitasuna, talentua, artea eta etorkizuna irudikatzen ditu. 41 edizioko ibilbidearekin, ERTIBIL erreferente bihurtu da arte bisualen esparruan, sortzaile gazteen espektro artistikoaren alderdi berritzaileena eta sortzaileena hartu du, eta arte garaikidea eskuragarriago egiteko aukera eman digu".
Inaugurazio-ekitaldia gaur egingo da, 19,00etan, Rekalde Aretoan, eta Ane Berganzak CLUB PSORIASIS x BERGISFLOW djse aurkeztuko du.
Ertibil Bizkaia 2023 ibilbidea
ERTIBIL BIZKAIKA Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da eta bertan uztailaren 14tik irailaren 17ra egongo da, eta ondoren Getxon izango da ikusgai Punta Begoñako galerietan, urriaren 16tik azaroaren 5era.
Ondoren, erakusketa Sestaoko erakusketa aretoak hartuko du, azaroaren 6tik 17ra, eta ondoren Balmasedako Horcasitas Jauregira lekualdatuko da, azaroaren 20tik abenduaren 17ra. Azkenik, Ertibil Bizkaia 2023 Barakaldon amaituko da, udal erakusketa aretoan, abenduaren 18tik 2024ko urtarrilaren 5era.
Egonaldi artistikoak Japonian
ERTIBIL BIZKAIA erakusketa 2023ko edizioan saritutako hiru artistekin batera Japoniako egoitza artistikoekin osatzen da. Horrela, bi hilabetez, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, ERTIBIL 2023ren aurreko edizioko artista irabazleak herrialde japoniarreko espazio hauetan biziko dira:
- Alazne Zubizarreta Joshibi University-n, (Tokyo).
- Lucia Pedregal Koganecho Artist in Residence-n (Yokohama).
- Mar De Dios Paradise Air Art Space-n (Matsudo).
ERTIBIL BIZKAIAren berrogeita batgarren edizioan epaimahaia honako hauek osatu dute: Alazne Zubizarreta, Ertibil Bizkaia 2023ko artista irabazlea; Naia del Castillo, artista eta UPV-EHUko Arte Ederretako irakaslea; Aimar Arriola Olabarria, Arte Plastikoetako komisarioa; eta Miriam Alzuri Milanés, Bilboko Arte Ederren Museoko bilduma-burua eta, aldi berean, erakusketarako editatu den liburuaren testuen egilea.
Aurtengo edizioan Rekalde Aretoak Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritze Graduarekin kolaboratzen jarraitu du eta horren ildotik Katrin Alberdi irakaslearen Ondarearen kudeaketako, azalpeneko eta erregistroko ikasleen parte-hartzea gertatu da. Olaia Salinasek, Lucía Strachanek eta Laura Vicentek modu aktiboan lagundu dute Ertibil Bizkaia 2023ren garapenean, eta ideia berriak eman dizkiote proiektuari.
ERTIBIL BIZKAIA 2023. ARTISTAK
1. saria
JON ANDER GARCÍA (Santurtzi, Bizkaia, 1989)
sufi
Jon Ander Garciak paperarekin eta oihalarekin egiten du lan, eta horren gainean pintura akrilikoa "jaurtitzen" du, bere lanen prozesuan eta emaitzan ausazkotasuna lantzeko. Sufin hainbat oihalen zatiek artistaren interpretazio figuratibo bereizgarriak osatzen dituzte, dinamismoak ematen dituztenak, itzal- eta argi-eremuak sortzen dituztenak, irudi piktoriko tradizionalaren lautasunari aurre eginez.
2. saria
MAIDER ALDASORO DIAZ (Mexiko, 1992)
shirt off nere back
Obra saritua Aldasorok soldatzeko eta soldadurak eskaintzen dizkion aukerak ikertzeko duen nahitik sortu zen. Burdinazko xafla gaineko soldadura-teknikarekin egina, pieza handia da tamainari dagokionez, astuna, ebakiak eta landutako erreminta mekanikoen aztarnak dituena. Era berean bertan irudikatutako marrazkia oso arina eta delikatua da.
3. saria
IBAI MADARIAGA SAGASTIZABAL (Mallabia, 1994) & MIEL OYARZABAL (Durango, 1994)
Ibai Madariaga arkitektoak eta Miel Oyarzabal artista plastikoak konbentziotik ihes egin zuten, industria-materialak eta ohiko tresnak erabiliz; adibidez, arotzerian, ekonomia material izugarriarekin garatzeko, eskultura sortzen dute, espazioa sotilki okupatzen duena eta barruan dituen jolas bolumetriko ugariak deskubritzeko ikuslearen konplizitate bisuala behar duena.
IMANOL ABAD MARTÍNEZ (Bilbo, 2000) & IMANOL EXPÓSITO DELGADO (Barakaldo, 2000)
Criaturas del lago, Abad eta Expositoren fikziozko lehen film luzea "Bilbo ez den Bilbon" dago girotuta. Egoera bitxietan desagertutako trabesti baten figura du ardatz, eta haren inguruan tokiko arte-eszena independente, alternatibo eta underground berezia dago.
DANIEL ALEGRETE (Madril, 1993)
Run for Your Pixels-en Alegretek beldurrezko zinemaren bidez aztertzen du ikus-entzunezkoen industriak nola bideratu dituen garai bakoitzeko beldurrak eta izuak. Hortaz, film horietan ohikoa den sekuentzia zehatza berreraikitzen du: psikopataren eta bizirik dirauen neskaren arteko azken jazarpena. Jazarpenak amaierarik ez balu bezala eta pertsonaiak ekintza bera behin eta berriz errepikatzera kondenatuta baleude bezala.
IZASKUN ARALUZEA ITZA (Bilbo, 1994)
Araluzeak formatu handiko pieza batean paper gaineko marrazkia lantzen du. Bertan bere argitasun formala eta espazioari eta mugimenduari buruzko hausnarketa abstraktua estaltzen ez duen itxura naturalen sugestioa nabarmentzen dira.
ALEJANDRO GONZÁLEZ OSÉS (Santander, 1990)
Olioz, grafitoz, silikonaz eta zurezko restrelez MDF taularen gainean egindako lanak osagai bakoitza zer den nabarmentzen duten ertzak bereizten eta mugatzen dituzten lerroak osatzen ditu. Horrela, alde batean eta ez koadroaren aurrean kokatuko bagina bezala nolabaiteko tentsioa sortzen da espazioarekin, objektu gisa duen konposizioa hobeto hautemateko.
JULENE GREGORIO URIARTE (Gautegiz-Arteaga, Bizkaia,1998)
Buztin erregogorrez egindako piezek, urdin bizi eta okreen degradazio sotiletan esmaltatuak, tximinia eta sutegiekin argitzen ziren Erdi Aroko gaztelu zahar hotz eta ilunetara garamatzate.
LEIRE LACUNZA MIRANDA (Donostia-San Sebastián, 1996)
A contraluz-en Lacunzak argi-piezak egiten ditu hodi fluoreszenteekin eta geruzaz geruza gainjarritako binilo itsasgarrizko xaflekin. Xafla horiek artistak forma uhinduetan eta irregularretan ebakitzen ditu, apaingarriak eta edergarriak direnak, argi-hodiei urregintzako piezen itxura emateko.
IBON LANDA AMUTXATEGI (Gasteiz, 1994)
Hautatutako obran Landak eskultura-lan baterantz egin zuen urratsa, pintura akrilikoaren lehortasunaren ondorioz kartoi itxura duten maindireen oihalak erabili baitzituen, eta geruzatan banatu zituen, gubia eta trintxa batek egindako ebakidura zorrotzak egiteko trokelatuak, ertz ebakiak eta ebakidurak sortuz.
IDOIA LEACHE OLAGÜE (Iruñea, 1999)
Izen bereko bakarkako erakusketatik, Leachek trafiko-seinaleetatik ateratako altzairu galbanizatuzko bi pieza aurkezten ditu, bere esku-hartzearen bidez irudia/zeinua erlazioa ikertzeko.
JULEN MARTIN ZABALLA (Areta, Laudio, Araba, 2001)
Lan honetan Julen Martin eskaiolarekin esperimentatuz une bat, keinu bat eta forma bat izozten saiatzen da, material likidoa, emaitza gisa obra sendo baina aldi berean hauskorrak ematen dituena. Tempus fugit-en eskulturak lurraren gainean pausatzen dira zuzenean, landare-forma apetatsu gisa. Eskultura horiek, loratze posiblean, edertasunaz hitz egiten dute, baina hilkortasunaz ere bai.
LUGHA MATHEWS BOUCHARD (Dublin, 1998)
Margo honetan porruen eta beste landare batzuen irudi luzangak gainazal lau baten gainean kokatuta agertzen dira. Azetatoen azalerak edozein irudi matrize gisa transferitzeko edo, bestela, deformatzeko aukera ematen du. Sukalde-teknikekin paraleloan, Porrusaldan artista eskura dituen elementuekin lan egiten ikusten dugu, osagaiak ahalik eta gehien murriztuz eta sinplifikatuz.
ESTELA MIGUEL (Villarta, Cuenca, 1992)
Migelek "mintzak" esaten die material hauei. Plastikoaren edo bitamina paperaren antzeko ehun- eta ehundura-itxura dute, baina berak "pods" (kapsulak) deitzen dituen pieza batzuen zati dira. Obra horiek fruta-moldeetatik abiatuta egiten ditu -meloi bat, kasu honetan-, erretxina akrilikoetan kopiatzen dituenak, eta, ondoren, berak sortutako eta jositako material bioplastiko horiek erabiliz estaltzen ditu.
CLAUDIA REBECA LORENZO (Logroño, 1988)
Bere proiektuek gai praktiko eskultorikoari berari buruzko arlo materialak jorratzen dituzte, alderdi pertsonalekin, biografikoekin, literaturarekiko eta poesiarekiko interesarekin edo hitzezko hizkuntzarekin nahasten dituenak. Loreak eta natura dira bere obran errepikatzen diren beste elementu batzuk. Artistak eskura zituen materialak erabili ditu, "berehalako eta hurbileneko errealitatearen hondarrak", eta, ezinbestean, bere lanak inpregnatzeko joera du.
JAVIER OZCOIDI (Iruñea, 1999)
Carlos y Carlos-en, ordenagailuko pantailari ateratako bi argazkiz osatutako diptikoa, denborarekiko interesa eta narrazio sekuentziala agertzen da. Antzekoak izan arren irudiak bi denbora-sekuentziei dagozkie. Aldaketa horrek itxuraz egonkorra den irudia aktibatzen du eta gertaera bat sortzen du.
ANDER SAGASTIBERRI FERNÁNDEZ (Bilbo, 1988)
Hover muxu bi konposizio-gune desberdin dituen triptiko bat da, bata bertikala, lurraren arrasean dagoena, eta bestea horizontala, gainean dagoena. Konposizioari dagokionez espazio narratibo desberdinetan kokatuta daude: ezkerrekoak oihalaren azalera osoa hartzen du, eta lehen terminoan ikusten dugu; eskuinekoa, berriz, zatitxo bat baino ikusten ez dugun espazio batean dago.
AMAIA SANTAMARIA ANDRES (Bergara, Gipuzkoa, 1992)
Errealitatea bikoizten duten eguneroko elementuek, ispiluek, besteak beste, niaren identitatea eta bertan islatuta ikusten dugunaren izaera ekartzen dituzte gogora. Horrela, maila idealean egiazkoaren berri ematera bideratuta egon arren, ispilua, aitzitik, irudikapen-azalera bat da, non erreala, sinbolikoa eta imajinarioa gurutzatzen diren. Errealitatea eta irudikapena.


