Bertso Udalekuak: 3, 2, 1...
Uztailaren 8an hasiko dira 2023ko Bertso Udalekuak Amaiurren. Ondoren, uztaila bukaera arte txandaz txanda elkartuko dira bertsozale gazteak Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen. Guztira 194 partaide izango dira aurten
Bertsozale gazteenen ezinbesteko hitzordua dira Bertso Udalekuak eta aurtengoan ere adin desberdinetako gazteentzat antolatu ditu Bertsozale Elkarteak. Izen-ematea zabalduta egun gutxitan bete ziren leku guztiak. Euskal Herriko herrialde guztietako eta Diasporako 163 gaztetxok eta 31 hezitzailek hartuko dute parte aurtengo Bertso Udalekuetan.
Udalekuetako parte hartzaileen % 80 bertso-eskola bateko kideak dira eta behin Zuhatzan Bertso Udalekuak lehen aldiz probatuta, ondorengo txandetan partaideen %75 dira Bertso Udalekuetara etortzea berriz hautatu dutenak.


