Testu Eszenikoen LEB-CTMT Saria: 2023ko deialdia

  • Testu Eszenikoen LEB-CTMT Saria: 2023ko deialdia

LEB - Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdiaren lehen edizioa Agoitzen (Nafarroa) egingo da, Pirinioen atarian, 2023ko abenduaren 1etik 9ra bitartean, xedea izanik abangoardia eszenikoa landa-ingurunera hurbiltzea, pertsona guztiek kulturaz gozatzeko duten eskubide unibertsalaren oinarrizko premisari jarraiki.

Bederatzi egunez, LEBek (Lengoaia Eszeniko Berriak) sormen-arriskuak nagusi duen programazioa hartuko du. Hogei bat ikuskizun, konpainia profesionalen bitartekotza- eta laguntza-jarduerak, dibulgazio-erakusketa bat, ikasleentzako bisita gidatuak, masterclasseak, mahai-inguruak edo Testu Eszenikoen lehen Saria izanen ditu.

Iriartea Pilez Elkarteak sustatutako proiektua Nafarroako Gobernuak laguntzen du diruz, eta, horrez gain, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren InnovaCultural Programaren, Agoizko Udalaren eta Agoizko Kultur Etxearen babesa du.Lankidetzan dihardu, halaber, Jaialdiarekin, Arte Eszenikoen Akademiarekin (AEA), Eszena Zuzendarien Elkartearekin (EZE), Antzerki Egileen Elkartearekin (AEE), Nafarroako Eszena Enpresari Elkartearekin (NEEE) eta Continta me Tienes argitaletxearekin (CTMT).

TESTU ESZENIKOEN SARIKETA

LEBek eta Continta Me Tienes argitaletxeak, AEE-Antzerki Egileen Elkartearen laguntzarekin, Testu Eszenikoen lehen Sariketarako deialdia egin dute: testu dramatikoak, predramatikoak eta/edo postdramatikoak. Sari-banaketa jaialdian bertan eginen da.

Poetika, sorkuntza eta dramaturgia berriak, eta abangoardiako formatuak eta Lengoaia Eszeniko Berriak sustatu nahi dituen saria da.

Epaimahaiak positiboki baloratuko du parte hartzen duten testuek oinarri izanen dituzten gaiak, ikuspegiak, tratamenduak, diskurtsoak, gogoeta eta jarrera kritikoak LEB jaialdiaren oinarri diren printzipioak jasotzea. LEB jaialdiak feminista, queer, inklusibo, integratzaile, elkartasunezko, irisgarri eta nazioartekotzat jotzen du bere burua.

Edozein adinetako eta edozein lekutako egileek, konpainiek eta/edo kolektiboek parte hartu ahal izanen dute. Lanek gaztelaniaz idatzita egon beharko dute eta jatorrizkoak izan beharko dute. Lanek argitaragabeak izan beharko dute, eta 6.000 eta 12.000 hitz bitarteko luzera izanen dute. Testuak telematikoki aurkeztuko dira, lebfestival.com orrialdean prestatutako formularioaren bidez.

Testuak aurkezteko epea abuztuaren 6an amaituko da. LEB jaialdian emanen da epaiaren berri.

Epaimahaia LEB jaialdiaren ordezkari batek, Continta Me Tienes argitaletxearen ordezkari batek eta AEE-Antzerki Egileen Elkartearen ordezkari batek osatuko dute. Horiez gain, antzerki- eta literatura-arloan izen handia duten bi lagunek osatuko dute epaimahaia.

Testu irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eskudirutan, eta Continta Me Tienes argitaletxearen Escénicas bilduman emanen da argitara. Horrez gain, IRIARTEA PILEZ elkarteak (LEB jaialdia sustatzen duen erakundea) testu irabazlea taularatuko du LEB jaialdiaren bigarren edizioan. 

DEIALDIA: 2023ko uztailaren 5etik abuztuaren 6ra.


  • Epea 2023(e)ko Uztailak 5(e)tik 2023(e)ko Abuztuak 6(e)ra
  • EntitateaLEB, Continta Me Tienes
  • Zuzkidura3.000 €
  • Deialdi-motaSariak eta lehiaketak
  • SektoreaArte eszenikoak, Literatura
  • JardueraSorkuntza
  • OnuradunakPertsona fisikoak
  • Harremanainfo@iriarteapilez.com

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.