Oier Iurramendi (Bertsozale Elkartea): «Aldaketa nagusia jaialdien gorakada eta librekoen beherakada izan da»
Urte batzuk badira Bertsozale Elkarteak plazaren azterketa egiten duela eta, datuen irakurketa egin digu Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak
Zergatik eta zertarako egiten da Plazaren Azterketa?
Bertsozale Elkartean 2018an egin zen gogoetan eta sustapeneko lehentasunetan plazan eragitearen garrantzia azpimarratu zen. Atera zen ondorio nagusia izan zen plazan eragin ahal izateko, plaza ezagutzea ezinbestekoa zela. Elkarteak egiten dituen egitasmo askok zerikusia dute plazarekin eta plaza ezagutzen ez badugu ez dakigu egiten ari garen hori benetan plazaren beharra den edo ez. Plaza ezagutzeko daukagun erraminta baliagarriena da plaza azterketa bera. Datuen bilketa Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker egiten dugu, urte osoan zehar egiten diren saio ia guztien datuak biltzen ditugu eta azkenean datu base horri esker plaza azterketa egitea erraza eta era berean garrantzitsua da.
Zein da 2022ko azterketaren ondorio nagusia?
Plaza pandemia aurreko datuetara itzuli dela izango litzateke titular nagusia. Lekura ez nuke esango, txostenean zehar ikusten delako leku desberdin bat hartu duela. Saio mota batzuk lehen baino kopuru altuagotan ari direlako antolatzen eta beste batzuk gutxiagotan, kopuru orokorretan saio kopurua mantendu den arren.


